Lau urte bihar beteko diren arren, Realeko zale gehienek atzo gauean gertatu izan balitz bezala oroituko dute 2013ko azaroaren 23an bizitakoa. Ez da gutxiagorako. Celtaren aurka maldan gora zuten partida txuri-urdinek, 1-3 baitziren atzetik. Txistu hotsak ere gertu ziren Anoetan. Ordea, Carlos Velaren agerpen historikoari esker, 4-3 irabazi zuen artean Jagoba Arrasatek zuzenduriko taldeak. Etxekoen gol guztiak Velak berak sartu zituen, eta, Realean hainbat abagune eder eskaini dituen arren, egun hartan jo zuen goia. Haatik, Donostian biziko duen azken etapan murgildurik dago orain mexikarra, eta sei urteotan makina bat gorabehera izanagatik arrasto nabarmena utzita joango da. Besteak beste, Xabi Prietorekin batera, jokalari garrantzitsuena izan baita Realak Lehen Mailarako jauzia eman zuenetik.
Guztiz bat datoz horretan Arrasate bera (Berriatua, Bizkaia, 1978) eta Markel Bergara (Elgoibar, Gipuzkoa, 1986). Biek bikain ezagutzen dute mexikarra, eta duela lau urte jokalariaren balentria hura gertutik ikusteko aukera izan zuten. Hasi eta buka, partida osoa jokatu zuen Markelek. «Memoria txarrekoa naiz, baina badakit Vela gutxitan ikusi dudala hain pozik. Handia egin zuen».
Arrasatek ere ondo gogoan du, Realaren aulkian bizitako gau ederrenetako bat igaro baitzuen. «Anekdota batekin oroitzen dut orduan gertatua. Partida aurreko prentsaurrekoan esan nuen Vela oso sasoi onean zegoela, eta aukera aproposa izan zezakeela bere burua nabarmentzeko». Ez zuen inola pentsatuko hain zuzen hitz egingo zuenik. «Partida bukatuta prentsaurrekora joan, eta kazetari batek Eguberrietako loteria zenbakia eskatu zidan. Bete-betean asmatu nuen Velarekin. Partida hark islatzen du jokalariaren kalitatea eta gaitasuna».
Markelen eta Arrasateren esanetan, jokalari atzerritarren artean Realak izan duen onenetakoa izan da. Estatistikak argigarriak dira. Gaur-gaurkoz, 244 partida jokatu ditu elastiko txuri-urdinarekin, eta historian bigarren postuan kokatuko da, Darko Kovacevicen atzetik. Serbiarrak 286 jokatu zituen. Golei dagokienez, onenetan hirugarrena da; atzerritarren artean, betiere. Kovacevic bera da buru, 107 golekin, Meho Kodrobosniarra bigarren, 81ekin, eta Vela hirugarren, 72rekin. Oraindik ere besteren bat sar dezake, bihartik hasita, Norvegian, Rosenborgen aurka, Europa ligan.
«Zenbakietan azaltzen ez diren gauzak ere ugari eman dizkio Velak Realari. Gola sartzeko paseetan eraginkorra izan da, eta entrenatzaileoi izugarri interesatzen zaigun kontu bat eduki du: aurkarien txartela bilatzeko gaitasuna. Fisikoki eta buruz hain azkarra izanik, ia beti hartu izan ditu erabaki zuzenenak», adierazi du Arrasatek. Zelai barruan ere «zortea» izan dute Vela alboan izateagatik, Markelen esanetan. «Sarritan gertatzen zitzaigun baloia oinetan izan eta zer egin ez jakitea. Lehen Mailara igotako lehen denboraldia gogorra izan zen, eta haren kalitateak izugarri lagundu zigun. Vela aurkitzea zen irtenbidea, eta, gainera, hitz eginda genuen taldekideon artean. Sekulako maila erakutsi duen jokalaria izan da. Nire ustez, ligako onenetakoa. Garai batean, Cristiano Ronaldoren eta Messiren pare jartzen zuten, pentsa».
Estreinakoa, Lyonen
Arrasatek ez du sekula ahaztuko Velari zuzendu zion estreinako partida. Lyonen izan zen (Frantzia), Txapeldunen Ligako atarikoan. Realak 0-2 irabazi zuen. «Lau gol sartu zitueneko gaua handia izan zen, baina hura ere ez da atzean geratzen. Golik sartu ez arren, erabakigarri aritu zen Vela. Uste dut Donostian bizitako garairik zoriontsuenak orduan igaro zituela. Griezmann zuen ondoan, biak oso-oso onak ziren, eta elkarrekin distira handiko momentuak eskaini zizkiguten». Markel ere bat dator: «Bi jokalari horien taldekide izatea galanta zen. Orduan akaso ez ginen jabetzen, baina orain ematen diogu balioa bizitakoari. Bakoitzak hegal batetik jokatzen zuen, eta ezkerretik edo eskuinetik erasora jo berdin zitzaigun. Bietan genuen kalitate izugarria. Goi mailako golak sartzen zituzten». Arrasateren ustez, Velaren ezkerra ligako onenetakoa izan da. «Haren abiadura eta ezker oineko kalitatea oso gutxiren esku daude. Halako ia inoren entrenatzaile ez naiz izan».
Numantziako entrenatzailearen esanetan, mexikarrak halako maila Donostian eman izana ez da izan kasualitatea. «Realera iritsi aurretik utzita talde askotan jokatu zuen. Arsenalen ere ez zuen nahi bezalako biderik jorratu. Donostiara iritsi, eta nahi zuena aurkitu zuen, nonbait. Hiria gustatzen zitzaion, jendea ere bai, eta baldintza horiei esker eman izan du hainbeste. Bestela ezinezkoa izango zatekeen. Oso maitatua sentitu da». Markel ere uste berekoa da: «Denetariko egunak izan ditu, baina jokalari guztion antzera. Egia da zeresan handia eman duela zenbait garaitan. Gorabehera asko izan du, baina gauza bat oso ona dauka: pentsatzen duena esaten duela jende aurrean. Umila da, eta umiltasun horri esker lortu du taldekide izan garenon eta zale guztien maitasuna. Taldekideon artean ere ez du inoiz arazorik izan aurpegia emateko, eta hori eskertzekoa da».
«Berezia, baina gertukoa»
Berezitik ere badu zerbait Velak. Besteak beste, behin baino gehiagotan esana baitu nahiago duela NBAko partida bat ikusi futbolekoa baino. Horregatik, zentzu apur batez tratatu beharreko jokalaria dela aitortu du Arrasatek. «Ez da pertsona arraroa, baina bai berezia. Niri ez zidan inolako buruko minik eman. Uste dut asmatu genuela hura nola tratatu. Saiatzen ginen bideo saioetan eta arlo taktikoa jorratzean gehiegi ez erotzen. Bestela bagenekien neurriz pasatu eta kalterako izango zela. Bizpahiru gauza esanda nahikoa zen». Mexikoko selekzioarekin izandako ika-mika ere gogoan du. «Pare-parean harrapatu gintuen gaiak. Oihartzun handia sortu zuen, baina guk ez genuen hitzik egiten horri buruz. Berak bereari eusten zion, halakoa delako. Beti egiten du pentsatzen duena, eta, luzera begira, eskertzekoa da. Oso umila eta gertukoa da». Markelen hitzetan, «lagun ona» ere bai. «Beti dago laguntzeko prest. Umoretsua da, eta edonor senti daiteke eroso haren ondoan».
Denboraldi honetan, inoiz baino gutxiago ari da jokatzen Vela. Ondo bidean, abenduaren 20an izango du azken partida jokatzeko aukera, Sevillaren kontra, Anoetan. Bederatzi jardunaldi falta dira egun hori ailegatzeko, eta, gero, Los Angeleserako (AEB) bidea hartuko du. Realak 5,2 milioi dolar jasoko ditu jokalariaren truke, baina diruarekin ez, hark emandako guztiarekin geratu beharko luke klubak, Markelen esanetan. «Ezin da diruarekin ordaindu Velak Realari eman diona. Historiako onenetakoa izan da, eta merezitako agurra izango du. Denok geratuko gara oroitzapen onekin, eta badakit zaleek gogotik eskertuko diotela». Arrasatek oraindik ere espero du Velaren agerpen bikainen bat: «Sasoi honetan kostatzen ari zaio jokatzea, lehiakortasun eta maila izugarria dagoelako Realean. Halere, beste golen bat sartuko du. Pertsonalki, beti oroituko naiz harekin. Oso handia izan da».
Arrastoa utziko du
Hilabete besterik ez zaio falta Carlos Velari Reala uzteko. Gorabehera ugari izan arren taldeari izugarri eman diola aitortu dute Markel Bergarak eta Jagoba Arrasatek. Bihar beteko dira lau urte Celtari lau gol sartu zizkionetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu