Aitor Manterola Garate.
Aulkitik begira

Txandaka edo bueltaka?

2012ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Betiko matraka. Bielsaren Athletic bosgarren dago, eta Mendilibarren Osasuna seigarren. Baina hala ere, denak ez daude konforme. Beti izaten da nondik jo erasoa entrenatzaileei, eta bi hauei ere ari zaizkie danba eta danba. Bietan, erasorako aitzakia bat eta bera da. Denboraldiko azaltzen da. Urtea joan eta urtea etorri. Prestaketa fisikoa eskasa dela aipatzearekin batera, entrenatzaileei matraka emateko makuluaizan ohi da. Jokalarien txandakatzeez ari naiz. Bielsari ez erabiltzea leporatzen diote, eta Mendilibarri erabiltzea.

Nekearekin nekatuta. Bielsa iritsi berritan probak egiten aritu zen, eta ordura arte leku jakin batean jokatu izan zutenak lekuz aldatzen hasi zen. Gerora, bakoitza bere ohiko lekuan ezarri zuen, eta hamaikako gustukoa aurkitu. Ez du aldatzen, ez bada min hartutakoren bat edo txartelen eraginez zigortutakorik. Denboraldia hasi zenetik partida asko jokatu dituzte jokalari horiek. Baina nekeak erasango dien beldurrik ez du Bielsak. Eta, jakina, emaitzak hain onak izan ez direnean orain gutxi, hortxe eman diote astindua. Horra betiko makulua: jokalariak txandaka erabili beharko zituen, eta emaitza hain onak ez lortzeko motiboa jokalariak ez txandakatzea da. Bielsak kritika horien berri izan badu, nekearen kontuarekin ondo nekatuta bukatuko zuen. Eskerrak igandean irabazi egin zuen. Nola eta txandakatzerik egin gabe.

Berriak sartu eta galdu. Osasunak galtzea Mendilibarrek beste jokalari batzuei aukera eman dienean kasualitatea edo kausalitatea izan den ezingo da inoiz jakin. Baina oso partida txikia jokatu zuten gutxiagotan aritu direnek, eta hori bai dela datu objektiboa. Buruko min gutxiago izango ditu entrenatzaileak hurrengo astean, hamaikakoa aukeratzean. Baina buruko mina eta majo nazkatu artekoa partidaren ondorenean jarri diote. Ez zuela txandakatzerik egin behar, eta egiteagatik galdu zuela taldeak. Zein erraza den emaitza jakin ondoren jardutea. Kontua da ez irabazi izanaren errudunak egon behar duela futbolean, eta gehienetan entrenatzaileak hartzen ditu belarrondoko handienak. Kritika txarrak egiteko makuluetan noiz egongo dituzte txandakatzeak? Jokalari berri horiek maila onik eman ez badute, nor da erruduna?

Onetik txarrera. Realaren jiran ere izan da su bizia hamaikakoen inguruan. Epelak eta bi entzun behar izan ditu Montanierrek, eta oraindik ere, jendea zain-zain egoten da zer hamaikako ikusiko. Azkenaldian, bolada onean da taldea, eta zazpi partida daramatza galdu gabe ligan. Zenbait jokalari beti egon dira hamaikakoan bolada on horretan. Ez dauden batzuk azaldu ziren Mallorcako hondamendian, eta ligan minutu apurrak jokatzen ari dira horiek. Partida joan eta partida etorri, argi ari da gelditzen nork jokatu behar duen ezinbestean; bestela, maila asko jaisten da, eta batez ere, defentsako lanean. Mikel Gonzalez, Aranburu, Elustondo eta Agirretxe, horietako batzuk ez daudenean, pagotxa aurkarientzat. Galdetu Mallorcakoei. Onetik txarrera aldatzen da taldea defentsako lanean Ifran, Vela eta Marigarekin, batez ere. Jardunaldi batetik bestera aldaketak egin zaleagoa zen lehen Montanier, baina buruko minak joaten ari zaizkio zenbaiten jarduna ikusita.

Talde handiak eta txikiak. Txandakatzeen kontua talde handiek jarri zuten modan. Astean bizpahiru partida jokatzen dituztelako. Talde txikietara ere hedatu zen joera, eta jakina, aldea dago. Talde handietan, apenas nabaritzen da aldea, baina txikietan, aldea ez, zuloa egon daiteke. Gure hiru taldeetan, ikusteko dago Athleticen zer gerta daitekeen Bielsa txandakatzeak egiten hasten baldin bada. Osasunan eta Realean argi geratu da batzuen egungo maila eta besteena handi samarra dela, eta bietan nozitu dituzte ondorioak. Izan ere, jokalari batzuk titularrak direnean zerbaitegatik izaten da. Entrenatzailearen begietan, ordezkoa txarragoa da, edo okerrago dago. Zelairatzen dituztenean eta aukera ematen zaienean erakusten dute normalean zergatik ez diren ari jokatzen. Badira salbuespenak, baina ez asko. Txandakatzea eta errotazioa gauza bera dira, eta txandakatzeen bidez aukera daukaten gehienek horixe egiten dute zelaian: bueltaka ibili, noraezean. Hori bai, erruduna entrenatzailea, aurretik aukera gehiago ez emateagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.