Aitor Manterola Garate.
Aulkitik begira

Ostikoa futbolari

2012ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Penaz. Ederra izan zen derbia. Athletic eta Reala buruz buru lehiatu ziren, futbolean jokatuz. Hobeto edo okerrago, baina ahaleginean borondate osoa azalduz. Zintzo. Eta harmailetan ere giro sanoa, behar duen bezalakoa. Munduko bazter guztietan erakusteko modukoa izaten ari zen derbia, baina... Edertasun horretaz aritu ordez, epaileen huts nabarmena da hizpide. Futboleko agintariei, ordea, ez zaie axola igandekoa bezalako partida eredugarriaz ez aritzea. Erraza daukate ba polemika biziak hiltzea, baina ez dute nahi. «Futboleko grazia» omen, Joseph Blatter FIFAko buruaren aburuz. Penagarria, benetan. Telebistaz segituan ikusi ahal izango zuen epaileak Velarena gola zela, eta gola emango zuen. Eta ez zen inor haserretuko. Baina ez, halakoak egitea galarazten zaie epaileei. Ekaineraarte ezingo da halakorik egin. Hemen, hala ere, derbiaren edertasunaz ariko gara, ederra izan zen eta.

Lehen zatian, presioa. Athletic nagusitu zen lehen zatian. Bravorengatik ez balitz, atsedenaldirako handiagoa izango zen bien arteko tartea. Nagusitasunaren oinarria presioazen. Ito egin zuen Bielsaren taldeak Realaren zelai erdia. Baloia zuen jokalariak lepoaren gainean izan zuen beti Athleticeko bat, bi ez zirenean. Gainera, presioaren eraginkortasuna handitu egin zuen Realekoen baliabide honek: zenbait jokalarik gaitza dute baloia oinetan eramatea taldekideari pasatu ordez, eta hori zerua izan zen etxekoentzat. Nahi zuena zeukan argentinarrak: bere taldea aurkariaren zelai erdian jokatzean aritzea. Hori ikusteko, argigarria oso egoera hau: Athleticeko bi erdiko atzelariak ia zelai-erdiko marraren bueltan aritu ziren lehen zatiko denbora askoan.

Baloiarekin, zehatz. Presioak baloia eman zion Athletici, eta jakina da jokalari zuri-gorriak trebeak direla jostailu biribila erabiltzen. Eta trebeagoak bilakatu ditu Bielsak, mugimendu taktiko zehatzak erakutsiz, eta Lezaman ondo egin arte landuz. Mugimendua mugimenduari kateatzen diote, eta horrelakoxea izan zenSusaetaren lehen gola. Beste bat askotan egin zuten: Estrada Muniainen gainean egoten zenean, lekua uzten zuen beraren eta erdiko atzelariaren artean, eta De Marcosek eta Fernando Llorentek ondo bete zituzten espazio edo zulo horiek.

Bigarren zatian, alderantziz. Reala nagusitu zen bigarren zatian. Baloiaren jabe egin zen, lehen zatian ez bezala, eta horrek aukera eman zion aurrealdean presionatzeko ere. Athleticek ez zuen hain eraginkor bihurtu lehen zatiko presioa, eta ederki baliatu zuten aukera Realekoek. Astia zeukaten baloia lasaiago erabiltzeko, eta ondo mugitu zuten. Gainera, zelai erdian hiru jokalari bateko eta hiru jokalari besteko zeudela eta, Velak, Xabi Prietok eta Griezmannek eremu horretan gehiago jokatu zuten, Realekoen jokalari kopurua handituz. Mugimendu horiek aukerak ugaritu zizkien txuri-urdinei zelai-erdian, eta hortxe oinarritu zuen baloiaren jabetza. Gero, ordea, Athleticen arearen inguruan ez zion etekin handirik atera nagusitasun horri.

Aldeko kornerrak, motzean. Bitxia izan zen Realarena. Aldeko korner ia denak motzean atera zituen. Beti joaten ziren bi jokalari baloiaren ingurura. Eta nahiz eta Athleticek ere bi jokalari gerturatu inguru horretara, Realekoek motz ateratzen zuten. Zuzen jaurtitzea baloia galtzea zela pentsatuta-edo hartuko zuen erabaki hori Philippe Montanierrek. Hori ondo egiteko, baloia ondo menderatu behar da, teknika aldetik jantzia behar da izan. Ez zitzaion gaizki atera, egiari zor. Baloiaren jabetza indartzeko beste baliabide bat da. Mikel Etxarrik dioen bezala, «baloia goian denean, ez da inorena».

Taldea lantzeko erak. Athletic eta Reala saiatzen dira baloiaren jabetzan oinarritzen. Baina ezberdinak dira. Realak jabetza luzeagoak nahiago ditu. Athleticek, aldiz, motzagoak. Baloia erabili behar horretan, teknikaz gain funtsezkoa da taktika, mugimenduak, eta horiek zehatzago landuta dauzka Bielsaren taldeak. Montanierrenean askatasun gehixeago daukate jokalariek. Ezaugarrien atzean dago entrenatzeko metodologien ezberdintasuna. Bielsak modu zehatzean lantzen du taktika. Mugimenduak zehatzak dira. Analitikoa esaten zaio horri. Montanierrena integratua da, ez dago hainbesteko zehaztasunik. Normalean, metodologia horretako ariketa asko baloiaren jabetza lantzeko izaten dira, eta baita partidak ere. Hori guztia eta gehiago ikusi ahal izan zen derbian. Baina futbola izan beharrean, epailearen hutsa da hizpide nagusia. Ostikoa eman zitzaion futbolari San Mamesen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.