Txirrindularitza. Italiako Giroa. Errozaten gora

Min egingo nuen, bai...

Mikel Nieve.
2011ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Gogorra izan da etapa, oso gogorra. Saiatu gara ihesaldian norbait sartzen, talde handia joan delako aurrera eta horrelakoetan komeni izaten delako tartean norbait sartzea. Baina ezin izan dugu helburua lortu, eta lanean aritu behar izan dugu gero. Etapa Igorrekin [Anton] lehiatzeko asmoa geneukan hasieratik, eta saiatu gara. Baina beste batzuek erakutsi dute indartsuago daudela. Hala ere, gure lana egin dugu, saiatu gara, eta gustura gaude.

Denok aritu gara oso ondo lanean, eta Igor fisikoki ondo dago. Oso aurrean ibili da, baina Contador eta Rujano indartsuago daude. Bi horien aurka, oraingoz, ezin da ezer egin. Azken igoeran tropel buruan jarri naiz tiraka, eta, egia esan, ez naiz ohartu atzetik zein zetozen. Ondoren esan didate triskantza handi samarra egin dudala, baina ni oso kontzentratuta nindoan. Erritmo indartsua jarri dut, topera joan naiz, ahalik eta denbora gehien irauteko helburuarekin. Rujanok erasoa jo duenean ikusi dut oso jende gutxi zihoala aurrean. Orduantxe konturatu naiz min pixka bat egin dudala. Tarteka atzera begiratu banu, agian, gehixeago gozatuko nuen!

Oso ondo sentitu naiz, baina ikusi egin beharko dugu gorputza nola berrindartzen den. Saiatuko gara berriz ere ihesaldietan sartzen edo Igorrekin etapa bat irabazten, azken finean etapa garaipena delako helburua. Taldeak erakutsi du oso ondo dagoela, baina, berriz diot, oraingoz ez diogu begiratu nahi etapa ez den beste ezeri. Bai, podiumetik gertu dago Igor, baina gogorrena falta zaio Italiako Giroari, eta egunez egun joan beharra daukagu. Etapa garaipena ezin dugula lortu eta podiumean sartzeko aukera daukagula? Ba, zoragarri. Baina etapa bat irabazi nahi dugu Giro honetan.

Aurrera begiratuta, hilabete daramagu Crostiseko etapari buruz hizketan, baina azkenean ez dugu igoko. Hala ere, aurretik ere Zoncolaneko igoera zen erabakigarria, eta azken mendate horrek jarriko du bakoitza bere lekuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.