Txirrindularitza. Espainiako Vuelta. Guadalupetik

Lotsa sentitu dut atzean

Juanma Garate.
2011ko irailaren 3a
00:00
Entzun
E tapa ona espero genuen, eta a zer-nolako etapa izan dugun! Taldeen estrategiak garrantzitsuagoak ziren norberak bakarka egin zezakeen lana baino. Eta hala izan da. Euskaltel-Euskadik mugimendu polita egin du atzetik aurrera, iaztik egin ohi duen moduan. Eta ondo atera zaie apustua. Ondo... neurrian. Ez dute aukerarik izan etapa garaipenaren lehian sartzeko, baina Mikel Nievek denbora apur bat berreskuratu ahal izan du.

Niri dagokidanez, irteeran gaizki ez, oso gaizki sentitu naiz. Oso-oso gaizki. Momentu batean 30 laguneko tropeltxo batek ihes egin du, eta tartean zeuden Nibali eta Wiggins. Bauke [Mollema] ez da oso adi ibili une horretan, eta taldekideek konpondu behar izan dute egoera zaila. Inpotentzia handia sentitu dut momentu horretan, tropelaren atze-atzean nindoalako, eta ezin nuelako postu bakar bat ere aurrera egin. Banekien taldekideak aurrean lanean ari zirela eta nik ere han aritu behar nuela. Baina ezin nuen.

Banekien huts larria egiten ari nintzela, baina ez nintzen gai tropelaren burura iristeko. Lotsa ere pasatu dut momentu jakin batzuetan. Ikaragarri sufritzen ari nintzen, baina, zorionez, bi taldeek bat egin dute, eta egoera dezente lasaitu da. Hori bai, egindako ahalegin gehigarri horren eraginez, lanean aritu diren hiru taldekideek denbora asko galdu dute helmugan. Pena da, ez zelako Luis Leonek [Sanchez] edo Steven Kruijswijkek egin beharreko lana. Nire lana zen, baina...

Talde bat garela erakutsi dugu hala ere. Nik lan egin behar nuenean, haiek aritu dira lanean; eta haiek aritu behar zutenean, ni. Gorputzari buelta eman diot, eta helmugara iritsi bitartean Baukeren ondoan egon naiz behintzat. Gaitzerdi! Pena da Kruijswijkek denbora galdu izana, nahiko aurrean zegoelako sailkapen nagusian. Baina momentu jakin batzuetan baten alde egin beharra dago apustu, eta halaxe egin dugu. Baukek irabazteko aukerekin jarraitzen du oraindik, eta kontuz berekin. Kontuz, oso-oso ondo dagoelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.