Aitor Manterola Garate.
Aulkitik begira

Lezamako hesiarena

2012ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Galderak. Askotan sortzen dira erantzun zaileko itaunak futboleko jardunean. Partida batetik bestera aldatu egin daitezke gauzak, eta aldatu ere egiten dira zenbaitetan. Lehen zuria zena beltza izaten da gero. Zorotasun puntua ematen dio horrek, zaila baita ondorio zehatzak ateratzea. Aspaldi esan zidan futbolari batek, orain erretreta hartua den batek: «Azterketak sasoiaren amaieran egin behar dira». Gaur irabazle da bat eta hurrengoan galtzaile, gaur ondo jokatzen du eta hurrengoan gaizki... zer ondorio atera behar dira? Hortik sortzen dira zalantzak, galderak. Hausnarketak sakonagoa izan behar du, eta, hala ere, lanak zenbaitetan. Reala, Athletic eta Osasuna tarte horretan daude, eta, gainera, galderen erantzunak zaildu egiten dira denboraldiaren hasiera delako, ia dena zehaztu eta finkatu gabe egoten delako.

Ondo, gaizki, irabazi? Eztabaida zaharraren kantua zuten ahoan Realeko zaleek igande gauean. Batek esana bere herrira itzuli berritan: «Hau da hau partida txarra! Gaizki Reala, gaizki!». Erantzuna beste batek: «Baina irabazi egin dik». Horra betiko kontu eta kantu zaharra: ondo jokatu eta irabazi; gaizki jokatu baina irabazi; noiz arte irabaz dezake gaizki jokatzen ari den batek? Ez denbora luzez, ziurrenik. Baina ezin erantzun zehatzik eman. Zalea bazihoala, beste erantzun bat beste batek: «Gaur bezala gaizki jokatu eta galtzen duenean, eta aurkariak ere ondo ez badu jokatu, ez duzue esango aurkariak gaizki jokatuta irabazi duela; esango duzue Realekoak txarrak direla». Burua jaitsi zaleak. Horra beste hari muturra: partida bat gaizki jokatu, eta sasoi osorako txarra izatera kondenatua. Galderak ez du erantzun zehatzik, baina laguntze aldera: gozatu irabazi izanarekin, eta egon hurrengo partidaren zain, egungoaren sintoma txarrak berriz azaltzen diren edo hobekuntza izan den ikusteko. Aztertu? Futbolari hark eman zidan erantzuna.

Eta joan zen sasoikoa? Galdu egin ote da? Berriz ikusiko ote da? Sasoi bateko ametsa izan zen? Hartu joan zen sasoiko Athletic eta hartu oraingoa. Antz handirik ez daukate. Hala ere, lau jardunaldi hauek ikuspegi lasaiarekin aztertuta, antzematen da hobetzen ari dela. Emaitzak alde batera utzita; izan ere, azken bi partidetan bildu ditu puntu guztiak. Itxura hartzen ari dela ematen du, eta horretaz ari naiz, ez zenbakien dantzaz, galdu, irabazi edo berdindu ondorio nagusitzat eta ia bakartzat duen joan-etorri horretaz. Baietz dio Athleticeko zaleak, baina urruti ikusten du joan zen sasoiko itxura bikain hura. Eta galderak egiten hasten da: «sasoi batean ondo jokatzen duenak nola arraio ez du berdin jokatzen hurrengo denboraldian? Eta Bielsaren entrenamenduko metodologiaren funtsa gauzak errepikatzea bada ia-ia buruz ikasi arte, nola ahaztu zaie jokalariei joan zen denboraldian hain zehatz ikasitakoa?». Erantzun zehatza eskatzen dute galderek, baina ez daukate. Hau ez da matematika. Ez burua jan, ez kezketan ito. Hobekuntzei erreparatu, hobetzen aritzea oso ona delako. Txarrak zuzentzeko denbora beti egongo da. Eta, gainera, Llorente itzuli da. Ez itotzeko! Ez hasi galdezka ona den hori ala ez, zuzena ala okerra. Hemen dago eta kito.

Emaitzei bakarrik? Zenbakien diktadurak denak eramaten ditu aurretik noizbait futbolean. Zenbakiek liluratuta bizi dira gehienak: aldeko golak zenbat, kontrakoak zenbat... hortaz, irabazi. Edo galdu. Edo berdindu. Berehala, ondorio txikitzailea, onerako ala txarrerako. Osasuna txiki dauka emaitza sortak, birrinduta. Puntu ale bakarra lau partidetan. Eta sailkapenari hobe ez begiratzea. Esaiozu zaleari egoteko lasai, oraindik hasiera baino ez dela, eta begi zeharka begiratuko dizu, ezetz eta ezetz. Hona galdera, ona: zergatik begiratzen zaie emaitzei bakarrik ondorioak ateratzeko? Hobe lanari erreparatzea. Lan ona ezin du baldintzatu eta zigorrera epaitu emaitza txarrak. Lan onak ez du beti ziurtatzen emaitza ona, norberarenaz gain, beste taldeek ere bere lana egiten dutelako. Akaso, handi samarra izango da hau irakurtzea, baina Osasuna izan da euskal taldeen artean itxura onena eman duena lau partida hauetakoren batean, bitan edo hirutan. Eta puntu bakarra. Galdera ikurra parekoaren aurpegian hau irakurri edota entzun eta gero. Erantzunak nahi. Ez dago. Javi Martinezek Lezamako hesia gauez ala egunez pasatu zuen? Pasatu al zuen? Osasunarena misterio bera da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.