Gaizka Garmendia.
ARRAUN-MINEZ

Lasai eta urduri

2014ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Ikusi al dituzue Telmo Deun eta Bizkaitarra? Bai, iazko Kontxako txapeldunak. Duela aste gutxi arte isilean ibili dira, apal antzera, baina hemen dira berriz bueltan. Liga lehiatzea zail zutela jakitun, lana lasai egin dute, helburuak garbi finkatuz. Garai bateko prestaketaren itxura daramatela dirudi, ligarik ez zenekoa, sasoi onena estropadarik garrantzitsuenekin bat eginez abuztutik aurrera hartzen zutenekoa. Estropada jakin batzuetan indarra jarriz gizonezkoak eta koxkaz koxka gorantz emakumezkoak. Jada banderen lehian sartu dira biak. Asmatuko al dute aurten ere? Lortuko al dute helburua?

Eta besteak? Nola dabiltza besteak? Urduri. Urduri liga irabazteko, urduri play off-ak ekiditeko... Taldeetako ordezkariak elkarrizketatzen dituztenean, gehienek lasai daudela diote. Lasai? Ligako estropadei begira, jokoan ezer izan gabe ere, neroni jartzen naiz urduri eta! Hogei minutuko lanaren ostean azken minutura arte nork irabaziko duen eta ontziek segundo gutxitan elkarri zenbat postu aterako dizkioten jakiteko irrikaz. Duela gutxi, estropadei begira zeudenek kronometroa eramaten zuten, orain berriz kalkulagailuak behar dituztela dirudi. Estropada baten ostean bidea argitzen duenak hurrengoan laino beltz artean amaitzen du.

Dena estutuz doa, eta lasai daudenak ere laster dira urduri. Batzuek asteburu honetan izango dute guztia jokoan, eta beste batzuek, datorren astean. Badira ontzi batzuk, jada euren helburuak ase dituztenak eta aspalditxotik iraileko lehen hamabostaldian pentsatuz ari direnak.

Bide batez, zorionak Getariarrei, zarauztarrei eta sanjuandarrei, KAE 1, KAE 2 eta Euskotren ligak irabazi dituztelako. Eta San Miguel? Aurten San Miguel liga, ia San Migeletan jakingo dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.