Iraupena. 57 minutu.
Pilotakadak. 469.
Sakez. Titin III.ak alerik ez, eta Bengoetxea VI.ak ere ez.
Markagailua. 2-0, 7-2, 9-2, 12-5, 12-8, 13-11, 17-13, 20-13, 20-14 eta 22-14.
Bestelakoak. Giro bikaina Logroñoko Adarraga pilotalekuko harmailetan. Jende ugari bildu zen.
Titin III.ak eta Merino II.ak txapelketako bigarren puntua lortu zuten atzo, Logroñoko Adarraga pilotalekuan, Bengoetxea VI.ari eta Apraizi 22-14 irabazita. Emaitzak hala erakusten ez badu ere, izerdi asko bota behar izan zuten garaileek aurkariak mendean hartzeko. Partida gogorra izan zen, orekatua, baina momentu erabakigarrietan oker gehiegi egin zituen Asegarceko bikoteak, eta garesti ordaindu zuen. Titin III.a izan zen partidako onena, baina, neurri handi batean, bere atzelariaren lan onari esker. Merino II.ak etengabe erakutsi zion bizkarra Apraizi, eta Tricioko aurrelariak ez zituen alferrik galdu aukerak.
Guztira sei tanto egin zituen erasoan, eta defentsan ezin hobeto aritu zen. Orain arteko norgehiagokarik osoena jokatu zuen. Bide berean jarraitzen badu, kontuan hartzeko bikotea osatzen dute errioxarrek, Merino II.a sasoi puntu onean baitago. Atzo bi pilota soilik utzi zituen frontisean ipini gabe, eta ederki zaindu zituen bikotekideak utzitako hutsuneak.
Ohiko maila eman ez zuena Bengoetxea VI.a izan zen. Tanto ugari egin zituen, zazpi orotara, baina galdu ere bai, eta horrela zaila da irabaztea. Apraiz txukun aritu zen, joan den jardunaldiko partidan baino hobeto. Sailkapenean bi punturekin geratu da orain Asegarceko bikotea, Titin III.arekin eta Merino II.arekin berdinduta.
Titin III.a-Merino II.a 22. Bengoetxea-Apraiz 14
Landutako garaipena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu