Angel Villacampa.
IRITZIA

Itxaropenaren Txapeldunen Liga

2020ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
Hastear dira Txapeldunen Ligako final-laurdenak, eta ezin dut ahaztu lehiaketa horren ereserkia entzutean zer sentitzen den. Hori gutxi ez, eta egoitzetako bat San Mames da. Toki bakar eta paregabea da, ordezkatzen duen guztiagatik. Ziur bertan jokatzeak emozio handiagoa helaraziko diela taldeei.

Bartzelona-Atletico Madril. Bartzelonak talde bikaina du. Mapi Leon, Caroline Graham Hansen Hansen, Jennifer Hermoso, Alexia Putellas eta Asisat Oshoala nabarmentzen dira. Iaz, finala jokatu zuen Bartzelonak, eta ziur orduko lezioa ikasi duela. Orain, beste aukera bat du historia egiteko. Atletico Madril, berriz, beltzetik zurira pasatu da: Bartzelona mendean hartzeko aukerarik ez zuela pentsatzen nuen lehen, eta orain, berriz, itxaropena du. Izan ere, COVID-19a dela eta, Europako Federazioak sei jokalari berrik jokatzeko aukera eman du, tartean uda honetan bertan fitxatutakoak. Horietatik hiru besterik ezingo dira izan final-laurdenetan dauden taldeetan aritutakoak. Horrek Atletico Madrili aukera emango dio Lola Gallardok eta Sari van Veenendaalek utzitako hutsunea betetzeko. Asko eta ondo fitxatu du, eta, partida bakarrera, aukera du sailkatzeko. Hala ere, Bartzelona da faborito argia.

Glasgow City-Wolfsburgo. Pronostikoa egiteko kanporaketarik errazena da: Wolfsburgo da faborito argi-argia. Are gehiago, ausartuko nintzateke esatera atsedenaldian jada bideratua izango duela partida. Alemaniakoak Eskoziakoak baino koska asko gorago daude. Euren liga amaitu ahal izan zuten, baita txapeldun izan ere. Eta gorabeherarik gabeko prestaketa egin ahal izan dute. Pernille Harder, Ewa Pajor, Alexandra Popp, Fridolina Rolfoe... horiek guztiak onegiak dira Glasgow City apalarentzat. Eskoziarrek, gainera, erakutsi berri dute zer maila duten, Manchester Uniteden aurkako lagunartekoan —4-0 galdu dute—.

PSG-Arsenal. Anoetan jokatuko diren final-laurdenetako bi partidetako bat izango da. Pronostikoa egiteko kanporaketarik zailena da: biek dute aukera bera sailkatzeko. PSGk defentsako indarra du makulu, eta horretan Christiane Endler eta Irene Paredes nabarmentzen dira. Erasoan, berriz, Marie-Antoinette Oda Katotoren kontraeraso bizi-biziak dira bere arriskurik handiena. Arsenalek, berriz, baliatu egin du fitxaketak egiteko aukera, eta are gehiago indartu du taldea, bai Txapeldunen Ligari begira, bai datorren denboraldian Ingalaterrako Liga irabazteko lehiari begira. Vivianne Miedemak, Jordan Nobbsek eta Danielle van de Donkek egun ona baldin badute, estu hartuko dute PSG.

Olympique Lyon-Bayern. Olympique Lyon piztiak tituluak bata bestearen atzetik irabazten jarraitzen du —sei aldiz nagusitu da Txapeldunen Ligan 2010etik hona, eta txapeldun izan da azken lauetan—. Hala ere, gaur-gaurkoz, ez da aurreko denboraldietan bezain gaindiezin. Horretaz aprobetxatzen saiatuko da Bayern Munich. Alemaniako taldea oso ondo indartu da, eta lanak eman diezazkioke Lyoni. Ikusteko dago ea Alemaniakoen indarra, ordena eta Linda Dallmann eta Lea Schueller aurrelari bikotea nahikoa ote diren txapelduna estutasunetan jartzeko. Zail izango da. Lucy Bronce, Wendy Renard, Saki Kumagai, DzseniferMarozsan, Amel Majri, Nitika Parris... talde puska du Lyonek. Agian, ez du lehengo itxura beldurgarria ematen, ziurrenik Ada Hegerberg falta zaiolako —min hartuta dago—, baina hala ere, Frantziakoen jardunaren araberakoa izango da kanporaketa. Maila ematen badute, betierekoak izaten jarraituko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.