Txirrindularitza. Italiako Giroa. Errozaten gora

Ikas dezagun bizitzen

Juanjo Oroz.
2011ko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Egun gogorra izan da guretzat, luzea eta gogorra. Baina pasatu da, eta aurrera begiratu beharko dugu. Tamalez, batzuetan horrelakoa da bizitza, eta ezin da ezer egin. Jaiki garenean, bazirudien ohiko eguna geneukala zain. Gosaldu, eta betiko moduan joan gara irteerara. Baina pentsa dezakezue nolako aurpegiak zeuden bertan. Guk ere ezin genuen burutik kendu aurreko egunean gertatutakoa. 207 txirrindularik ekin genion Giroari, bat gehiago zen Weylandt, eta denok hartu dugu kolpe latza. Oso gogorra izan da.

Azken finean, langile bat gehiago hil da. Urtean ez dakit zenbat langile hiltzen diren Euskal Herrian, baina heriotza bakoitzaren atzean drama bat dago. Kasu honetan ere bai. Oso etapa luzea izan da, eta saiatu gara guztiok elkar animatzen. Baina bakarrik geratzen zaren une horietan berriz ere buruari bueltaka hasten zara. Gertakari honekin ulertu behar dugu sarritan egunerokoan arduratuta egoten garen gauza txiki horiek horixe direla, txikikeriak. Ea behingoz ikasten dugun bizitzen, gozatzen.

Weylandti berari, bere emazteari eta familia guztiari eskaini nahiko nioke zutabe hau. Badakit nire hitzek ez dutela ezer askorako balioko, baina jaso dezatela tropeleko txirrindulari guztien besarkada handi bana. Pentsatzen jarrita, mendizaleekin gertatzen den gauza berbera gertatzen da txirrindularitzarekin. Espedizio batean mendizale bat hil, eta, hala ere, mendizaleak mendira joaten dira berriz ere. Kirol hori maite dutelako, euren lana delako eta aurrera begiratu nahi dutelako. Eta, gogorra izan arren, guk ere horixe egin beharko dugu, aurrera egin.

Denetik idatzi eta esango dute egunotan, baina ni ez nintzateke hasiko segurtasun neurriei edo arauei bueltaka. Istripu bat izan da, eta, azken finean, inor ez dago istripuetatik salbu. Txirrindulariak babestu behar dira, eta egia da ia ezinezkoaren bila joanez gero, istripuak izateko arrisku handiagoa dagoela. Baina orain ezin gara erotu. Ez dut uste horretarako momentua denik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.