Txirrindularitza. Italiako Giroa. Errozaten gora

Ikaragarria izan da!

Mikel Nieve.
2011ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Ikaragarria izan da, sinestezina. Hori bai, sentimenduak askatzen hasi aurretik, eskerrik asko, bene-benetan, nire garaipenarekin poztu zareten guztiei. Horrelakoetan zaila izaten da norberak zer sentitzen duen azaltzea, baina honaino iristen lagundu didaten guztiak datozkit gogora. Haiei eskaini nahiko nieke garaipena. Izenak ematen hasi, eta baten bat bidean utziko dut. Baina, hasteko, taldeari eman nahiko nizkioke eskerrak. Familiari eta lagunei ere bai, beti lagundu izan didatelako; eta neska-laguna ere gogoan eduki nahiko nuke, beti ondoan izan dudalako. Denentzat da nire garaipena.

Ihesaldiren batean sartzeko helburuarekin ekin diogu etapari, baina hasiera-hasieratik sortu da taldetxoa, eta goizegi zela ere pentsatu dugu momentu batean. Horrelako etapa batean oso arriskutsua zen hain goiz aurrera jotzea. Baina denbora dezente hartzen utzi digute, eta Passo Giautik aurrera bakoitza ahal duena egiten saiatu da. Garzellik erasoa jo duenean, saiatu naiz haren gurpilari jarraitzen, baina ezin nuen. Gaitasuna baino gehiago, kaskagorkeria izan dela uste dut. Ikusten nuen hor zegoela, gertu zegoela, eta neure burua animatzen saiatu naiz une oro. Behin baino gehiagotan saiatu naiz azken kolpea eman eta Garzelli harrapatzen. Ezin nuen, jota nengoen, baina azkenean lortu dut.

Gardecciako lehen maldetan ikusi dut hura ere sufritzen ari zela, larri samar zihoala. Eta probatzea erabaki dut. Erantzuten ote zidan ikusi nahi nuen, eta, ezin zuela ikusita, hortik aurrera dena emanda joan naiz. Ez neukan indarrik, baina nonbaitetik atera dut neukan apurra. Sekula egin dudan etaparik gogorrena izan da. Inoiz ez nuen ikusi halakorik, eta oso-oso justu iritsi naiz helmugara. Berriz diot, ezin nuen gehiago, baina, zorionez, lortu dut helmugara iristea.

Bosgarren jarri naiz sailkapen nagusian, baina Igor Anton da gure taldeburua. Ni baino indartsuago dago hura, eta, benetan, ez naiz erotuko horrekin. Giro honetan lehen hamarren artean sartzea lortzen badut, primeran, baina etapa bat irabaztea zen helburua, eta lortu dut.

Garaipen hau opari baten modukoa izan da niretzat, inondik inora ez nuelako uste halakorik lortuko nuenik. Baina pixkanaka joan behar da. Orain, etapa hau irabazi dudala-eta, ezin naiz hasi gauza handiagoetan pentsatzen. Ondoren beste sariren bat iristen dela? Ba, zoragarri. Baina ni oso-oso pozik nago orain arte egin dudan guztiarekin.

Momentu honetan lehertuta nago, txikituta nago, eta bidaia luzea daukagu, gainera, hoteleraino. Ez dut uste, beraz, ospatzeko indar handirik edukiko dugunik, eta afalduta azkar joango naiz ohera. Horrelakoetan kosta egiten da lo hartzea, baina hartutako egurrarekin seko geratuko naizela uste dut. Ametsetan gozatuko dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.