Ander Lujanbio.
ANALISIA

Hasi aurretik, bada saltsa

2015eko martxoaren 14a
00:00
Entzun
Pneumatikoen azala asfalto gainean urratzen hasi baino lehen, jadanik badugu urteko zurrumurrua. Fernando Alonsok oraindik erabat argitu gabeko istripu larria izan zuen Bartzelonan denboraldi-aurrean. Iturri ez-ofizialen arabera, sistema elektrikoaren akats baten ondorioz, 600 watt-eko deskarga bortitza hartu zuen, eta bere osasuna arriskuan jarri.

Alde teknikoan, aurreko sasoian FIAk martxan jarri zuen arautegiak min handia egin zion 1 Formulari. Mercedes motorgilea bete-betean eta arrakastaz sartu zen jokoan. Renault eta Ferrarik, berriz, buruhauste galantak izan zituzten motorrak puntuan jartzen.

Pentsatzekoa da aurten ere Mercedesen izarrak distiratuko duela denboraldi osoan. Mercedes AMG F1 taldeak pilotu finak dauzka, motor ezin hobea eta talde tekniko sendoa. Ez du ezer falta titulua berriz ere erraz irabazteko.

Bestalde, podiumean sarri ikusiko ditugu Williams eta Red Bull taldeetako pilotuak. Red Bullen auto berriek aerodinamika oso landua dute, eta Williamsek, Mercedes motor indartsua izateaz gainera, iaz bezalaxe, esekidura orekatua egitea lortu du antza.

Ferrari eta McLaren izen eta tradizio handiko talde aberatsak izan arren, desegoki eta galduta ibili dira bost urteotan. Denboraldi-aurreko testak eta taldeetako giroa ikusita, aurten ere hala ibiliko direla dirudi. Ezusteko bat baino gehiago eman badezakete ere, ez dira titulurako lehian sartuko seguru asko.

Aurtengo munduko txapelketak ez dirudi historiaran arrastoa utziko denik. Hala ere, 1 Formulak, motorreko kirolik handiena izaki, beti izango du aparteko xarma, zirrara eta erakargarritasuna. Zaleok Melbourneko zirkuituko argi berdea noiz piztuko irrikan egongo gara. Izan dadila, bada, lehia gogorra eta ikuskizun oparoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.