Oso saio txarra egin dugu, oso txarra, eta ez nago batere gustura. Harrigarria bada ere, seigarren kilometrorako atzean geratu da Theo Bos; igotzen hasi garenean katea atera eta trabatu egin zaio beste bati; eta Van Winden ere atzean geratu da gero. Artean ibilbide erdia falta zela, sei txirrindulari bakarrik geratu gara aurrean, eta ezinean zihoan horietako bat. Ulertuko duzuenez, horrela ezinezkoa da denbora ona egitea. Lehen zatian hainbestean ibili gara, baina dena okertu zaigu gero. Graeme Brown kenduta, gainerakoak igotzaileak ginela esan daiteke, eta nahikoa egin dugu...
Gutxi-asko minutu erdia galdu duten taldeen multzo horretan egotea zen nire helburua, baina espero baino minutu erdi bat gehiago galdu dugu azkenean. Lehen lau etapen balorazioa ez da batere positiboa, baina, tira, bihar [gaur] hasiko da benetako Giroa, eta fisikoki ondo nagoenez, larrituegi ere ez nagoela aitortu beharra daukat. Giroa normaltzen hasiko da hemendik aurrera. Hamar etapa dauzkagu atseden egunik gabe, eta zati erabakigarrian sartzera goaz.
Egia da taldekide batzuk larri dabiltzala, baina horrek ez nau batere arduratzen, mendateak iritsitakoan bestela ere gutxi lagunduko zigutelako Bosek eta gainerakoek. Ez daukagu hartu beharrik lasterketaren ardurarik, eta, horregatik, ez nau askorik arduratzen taldekideen sasoi puntuak.
Gainerakoei dagokienez, harrigarria izan da Katuxak egin duen lana. Garminen pare ibili dira, eta kontuan eduki behar da Purito bera [Joaquim Rodriguez], Dani Moreno, Angel Vicioso eta Alberto Losada igotzaileak daudela, besteak beste, talde horretan. Oso pozik egongo da Purito, baina Giroa luzea da, eta segundo gutxiren tartea dago oraindik sailkapenean.
Txirrindularitza. Italiako Giroa. Guadalupetik
Gaizki, oso gaizki
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu