Baiona. Iginiz, Roumieu, Tialata (Avril, 65. min.); Linde, Boutaty (Flavell, 65. min.); Haare, Lauaki (Baget, 40. min.), Marmouyet; Philips (Gartzia, 71. min.), Boyet (Otazo, 59 min.); Gerber, Lacroix, Mazars (kapitaina), Rokocoko; eta Heymans.
Bordele. Delboulbes (Forbes, 57. min.), Avei (Rofes, 65. min.), Florea; Leo (Treloar, 63. min.), Jaulhac; Purll, Chalmers (Toetu, 59. min.), Clarkin (kapitaina); Adams (Seron, 51. min.), Lopez (Fraser, 74. min.); Carballo, Le Bourhis (Connor, 54. min.), Rey, Brana; eta Reihana.
Markagailua. 0-7; 3-7; 3-10; 6-10; 6-13; 6-20(atsedenaldian)6-27; 13-27; eta 20-27 .
«Partida galtzen, jokoan menderatuta eta amildegian egon arte ez gara hasten jokatzen. Ez da posible». Cedric Heymans Baionako gibeleko eta fitxatutako jokalari izarraren hitzok dena diote. Haserre eta etsita zegoen Heymans atzo partida bukatzean. Irabazlea izanik, ezin zuen onartu Baiona nora ezean ikustea. Baina, atzo, Baionak kezkatzeko moduko batasun falta erakutsi zuen, eta Bigarren Maila geroz eta hurbilago dauka.
Zertan ari dira jokalariak? Batek daki. Jean-Pierre Elizalde Baionako kirol zuzendariak zer egin ez dakiela aitortu zuen atzo, behintzat. Gauza bat argi dago: Baionak ez du deusetan jokatzen. Hamabost gizabanako ikusten dira zelaian, nora ezean. Batek ala bestek jokaldi ikusgarria, soberan den alegiatxoa, zerutik ateratako inspiraziotxoa... egin nahi du, errealitateak harrapatzen duen arte.
Talde gisa ez, izar konstelazio gisa jokatu nahi izan zuen atzo Baionak. Baina Baionako Aviron ez da Harlem Globe Trotters, eta lehen 50 minutuak pasatuta, 6-27 zegoen atzetik.
Eskasetan baloi guztiak galdu zituen, hamar guztira, eta beste horrenbeste aukera eman Bordeleri. Laugarren minutuan, Joe Rokocok Dimitri Yachvili zela uste, eta uztartze erdiarena egin zuen. Pase penagarria bota zuen, eta Ole Aveiri entsegua oparitu zion. Horra All Blacks-en errege ohia errege mago bihurtua: 0-7 Bordeleren alde.
Bordelek ez zuen gehiago eskatzen. Defentsan serio, zangoz zelaia okupatuz eta defentsan ongi, etxetik kanpo behar den moduan jokatuz. Parean, lehen entseguak harro haizeak usatu ez, eta Baionak bere zigor kolpeetan hiru puntuak lortzen saiatu ordez, eskasera jo zuen, harro-harro entseguaren bila. Bigarren porrota, eta Bordele beti aitzinean.
Akitaniako taldeak, Baionak ez bezala, bigarren kolpea eman zuen kontrarioaren zelaira sartu zenean. Jokaldi luzea egin zuen, tartean aitzinekoek lerroa hartuz eta gero baloia hegalera eramanez. Azkenean, Thierry Branak sartu zuen entsegua, lehen zatia bukatzear zela. Atsedenaldia iristear zela, Bordele zen aitzinetik: 6-20. Gauzek itxura txarra zeukaten eta jendearen txistu artean joan ziren aldageletara Baionako jokalariak.
Borroka eta susperraldia
Bigarren zatia lehen zatiko ildo beretik hasi zen. Bordelek hirugarren entsegua sartu zuen. Baionaren bost metroetara iritsi, eta inor ez zen gai izan Avei aztalkaria plakatzeko: 6-27.
Oren erdia falta zen partida bukatzeko, eta Baiona, azkenean, suspertu egin zen. Taldean talentuaz gain burua duten bi jokalarien eskutik etorri zen erreakzioa. Heymansek sua eman zuen, eta Sam Gerberrek sartu zuen entsegua. Bordeleko Daniel Leok, frustrazioak jota edo, Gerberri belaun kolpea jo zion, lurrean zela.
Gertaerak borroka piztu zuen bi taldeen artean, eta zartako batzuk joan ziren. Txartela atera zioten Leorik, eta Baionak partidari itzulia emateko lehia hasi zuen. Berandu, baina talde gisa jokatzen hasi zen, borrokan bihotza erakutsiz. Aitzinekoek erreleboa hartu zuten, eta 60. minutuan Aretz Iginiz Hendaiako euskaldunak entsegua sartu zuen: 20-27. Ekaitzaren erdian etxekoekin konta daitekeen froga.
Baina berantegi zen ordurako. Bordelek hortzak erakutsi zituen, eta Baionak ezin izan zuen porrota saihestu. Ez zen gai izan nagusitzeko, eta Bordelek irabazi zuen. Bigarren Maila ate-joka dago.
Baiona 20. Bordele 27
Ez da posible, ezin liteke
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu