Ander Lujanbio.
Analisia

Ez da pasako oharkabean

2013ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Denboraldi-aurreko saioetan ikusitakoaren arabera, txapelketa mugitua datorkigu. Azken hilabeteetan Mercedesek fitxatutakoek taldeari haize freskoa ekarri diotela dirudi. Hori erakusten du, behintzat, Bartzelonan, denboraldi-aurreko proban erakutsitako maila bikainak.

Ferrari ere ez da makal ibili. Ez du nahi aurreko bi urteetakoa berriz gertatzerik, eta ahal direnak eta ez direnak egingo ditu tifossi-ak poztu eta Fernando Alonso hirugarrenez txapeldun izan dadin.

Egungo txapeldunak, Red Bulek hain zuzen ere, ez du distira handirik egin orain arte. Proba saioetan hainbat zailtasun izan bazituen ere, azken hiru urteetan askotan erakutsi du zailtasunen aurrean ez dela kikiltzen eta, modu batera ala bestera, beti aurkitzen duela arazoa konpontzeko bide egokia. Koktel ikaragarria osatzeko gaiak ditu. Dirua, Sebastian Vettelen gidatzeko ahalmena eta Adrian Newey ingeniariaren diseinatzeko dohainek ia garaiezinak egiten dituzte.

Beraz, aurten ere Vettel, lasterketa batean bai eta bestean ere, garaipenaren lehian ibiliko da inongo ezbairik gabe.

Ezin aipatu gabe utzi McLarenen egoera zaila. Lewis Hamilton Mercedesera joan izanak eta beste hainbat ingeniariek taldea utzi izanak, min handia egin dio Wokingen finkatutako autogileari. Hala ere, urtero bezala, podiumaren lehian ibiliko dira ia beti.

Talde xumeagoen artean, lehia bizia ikusiko dugu Sauber, Force India eta Williamsen artean. Hirurek motore ezberdinak erabiltzeak eta diseinu aerodinamikorako filosofia ezberdinak jarraitu izanak, lehia biziagotu dezake. Hiru talde hauetako pilotuak lasterketaren batean podiumaren lehian ibiltzea ez litzateke harritzekoa izango.

Pirellik diseinatutako pneumatiko berriek ere emango dute zer esana. Iraupen laburra dute, eta, beraz, maizago ikusiko ditugu boxeetako geldialdiak lasterketan, ikusleen gozamenerako.

Jaio al da Vettelen nagusitasuna hautsiko duenik? Alemaniarrak titulua atxikituko ote du? Ferrari eta Mercedeseko pilotuek itzala egingo ote diote?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.