Aitor Manterola Garate.
Aulkitik begira

Ez da matematika

2012ko irailaren 4a
00:00
Entzun
Jokatu aurretik. Futbolean edozer gauza gerta daiteke. Inork kontrolatzen ez duen jarduera izaten da jokoaren hainbat unetan. Zenbait arlo mendera ditzake talde batek, baina beste zenbait, ez. Horregatik, ez du zentzu handirik jokatu aurretik jarduteak, hau edo bestea seguru gertatuko dela zabalduz. Begira bi adibide hauek: Osasunak lehen bi partidetan itxura ona eman zuelako, hirugarrenean ere gauza bera egingo zuela ez zuen inork zalantzan jartzen; Realean, harrobiko bi harribitxi hamaikakoan zirelako, Illarramendi eta Pardo, taldeak baloiaren jabetza handia izango zuela espero zen, inoiz baino eraginkorragoa. Zelaitik kanpoko lanetan ere ezin zehatz asmatu aurretik zenbait kasutan. Athleticen, esaterako, mila hitz eta pitz egiten ari da Llorenteren geroaren inguruan, bakoitzaren logikaren eta gogoaren arabera.

Jokoan bertan (I). Osasuna hasi zen Celtaren aurka jokatzen. Eta lanak lehen bi partidetako talde hura zein zen jakiten. Ezin antzik harrapatu. «15 minutuan bakarrik aritu gara jokatzen», bota zuen gero Mendilibarrek. Dena esanda. Baina nolatan ez zen ari ondo jokatzen, lehen bi neurketetan hala aritu bazen? Behin ondo jokatuta, ez al du talde batek beti ondo jokatu behar? Halako galderekin beteta ibiliko zen zalearen burua. Erantzunak zein izan zitezkeen hobe ez pentsatzea. Mendilibar, berriz, erantzun egokiaren bidean: «Jendeak uste du Bartzelonaren aurka ondo jokatzeagatik hurrengo neurketa ere ondo jokatu behar dela, baina aurkaria beste bat zen, beste modu batera jokatzen du, eta gu ere alda gaitezke». Ez da zientzia zehatza futbola. Egun batean sekulako partida joka dezake taldeak, baina hurrengoan eskasa. Asko izan daitezke horren eragileak, eta gehienetan partidan azaltzen dira, ez asteko lanean. Aurkariaren lana, norbere taldeko jokalariek ez asmatzea, dena gaizki ateratzea... Kontuan hartu beharko litzateke aldaketak gertatu egiten direla, ondorio sakonagoak ateratzen hasi aurretik.

Jokoan bertan (eta II). Realak ondo ekin zion partidari. Baloia erraz mugitzeko aukera zeukan atzealdean eta zelaiaren erdian, Mallorca atzean sartzen zelako eta ez zuelako asko estutzen. Egoera horretan, askok atera zuten ondorio hau: Illarramendi eta Pardo ari ziren jokatzen, eta kalitatea handia dutenez, biak zelaian egotea nahikoa izan zen baloiaren jabe egiteko. Bigarren zatian, etxeko taldeak beste aukera baten alde egin zuen defentsako lanean: lerroak aurreratu zituen, eta presio egiten hasi zen, goi-goian. Hantxe ito zuen Reala. Ez Illarramendi eta ez Pardo. Realak galdu egin zuen baloia, eta horretan oinarritzen denez bere jokatzeko eredua, ezinean aritu zen bigarren erdi horretan. Ondorioa: zale asko ari dira eskatu eta eskatu bi gazteek batera jokatzeko, baloiaren jabetza indartu eta talde eraginkorragoa izango delakoan. Baina baloia oinetan abilenak direnak zelaian izateak ez du bermatzen ezer. Aurkariaren jarduna kontuan hartu behar da; zer egiten duen, nola egiten duen, eta abar. Eta presio itogarri hori gainditzeko ez da nahikoa jokalari abilak izatea, beste zerbait gehiago ere behar da. Hemendik aurrera kontuan hartzekoa izango da hau: Illarramendi eta Pardo zelaian izateak ez du esan nahi taldea beti nagusi izango denik jokoan.

Jokotik kanpo. Zelaiaren gainekoa ez bada matematika, kanpokoari neurria hartzea ere parean jar daiteke. Norbaitek ba al daki zer gertatuko den Llorenterekin Athleticen? Bielsak beste taldekide bat bezala hartuko du? Ala orain arte bezala jarraituko du, batere jokatu gabe? Bielsarena izango da erabakia, hor dudarik ez. Tira, zehatzago esanda: Bielsari beste norbaitek esaten badio zer egin behar duen, uda hasierako zalaparta berriz piztuko da, entrenatzaileak ez duelako onartuko halakorik. Ospa egiteko ere kapaz da. Ez da erraza asmatzen zer egin behar den egoera horretan dagoen jokalari batekin. Ez du kontratua berritu nahi, ez du Athleticen segitu nahi, baina Athleticen dago. Dago, baina zegoen izan zitekeen, alde egiteko mugimenduak egin dituelako. Jokatzen jarrita ere, berak jakingo du burua zelaian edo beste talderen batekin sinatu nahi duen kontratu berrian izango duen. Zaleen jarrera eta erantzuna ere kontuan hartu beharko dira. Eta beste aldagai asko ere bai. Hau ez da matematika, matematikaren mugarik zailenak ere gainditu dituelako. Zenbat x, y, z eta halakoak askatu behar dira ekuazio aldrebes, zail eta deseroso honetan? Edozein erabaki hartuta ere, ezin zehatza izan. Denak ezin gustura egon. Ez da matematika. Hobe bai balitz, hau horrela da eta kito izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.