Txirrindularitza. Italiako Giroa. Errozaten gora

Erronka pertsonala da

Mikel Nieve.
2011ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Ikaragarria izan da etapa hasiera, beldurgarria. 51 kilometro egin ditugu lehen ordubetean, eta sekulako euri zaparrada ari zuen. Giroko lehen astea dela ematen du. Denek ihes egin nahi dute, eta ihesaldia sortzeko zorian dagoenean, atzean beste batzuk hasten dira lanean, sailkapen nagusiko postuari, taldekakoari edo mendikoari eusteko. Interes asko daude tropelean, eta hegan gabiltza lehen kilometro horietan.

Gainerakoan, ondo pasatu dut eguna. Azken mendatera arte nahiko ondo sentitu naiz, eta azken igoeran den-dena eman dut. Hori bai, Contadorrek erasoa jo duenean, ezinezkoa izan da haren erritmoari eustea. Emaitza ona izan da, postu bat aurreratu dudalako. Taldeak ez dit eskatu lehen hamarren artean sartzeko, baina neure buruari egin nahi diot opari hori; erronkatzat hartu dut. Zoragarria litzateke lehen Giroan etapa bat irabaztea eta lehen hamarren artean sartzea. Giroa hasi aurretik ez nuen pentsatuko halakorik lortuko nuenik. Oraindik ez dut aztertu erlojupekoa. Etapa gogor bat geratzen zaigu oraindik, eta amaieran egingo ditugu kalkuluak.

Igorrekin [Anton] ni ere harrituta geratu naiz. Etapan zehar esan digu ez zihoala oso ondo, baina ez nuen uste hainbeste sufrituko zuenik. Dena eman du, baina denbora asko galdu du azkenean. Batzuek, agian, pentsatuko dute lasai hartu duela biharko [gaurko] etapari begira. Baina ez du halakorik egin. Ezin zuen, eta kito.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.