Txirrindularitza. Italiako Giroa. Errozaten gora

Erorketan harrapatuta

Mikel Nieve.
2011ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
A ze etapa gaurkoa [atzokoa]. Antzik ez du izan atzokoarekin [herenegungoarekin]. Bagenekien gogorra izango zela eta erritmo bizian korrituko zela. Eta hala izan da, hasi eta bukatu. Lehen kilometrotik saiatu da jendea ihesaldietan sartzen. Ni neu ere saiatu naiz, baita Iñaki ere [Iñaki Isasi], baina ez dugu lortu; ihes, ihes egin dugu, baina tropelak azkar harrapatu gaitu. Azkenean, espero zen bezala, ihesaldi bat osatu da. Ihesaldi hori, baina, ez da helmugara iritsi.

Ondo ikusi dut neure burua gaur, sentsazio onekin. Hala ere, segundo batzuk galdu ditut helmugan. Pena izan da, ondo iritsi naizelako etapa amaierara, baina Kiryienka erori egin da; haren erorketak nahasmen txiki bat eragin du tropelean, eta nahasmen horrek bete-betean harrapatu nau. Hori gertatu izan ez balitz, agian aurrerago amaituko nuen etapa. Baina bueno, sentsazio onak ditut, eta hori da garrantzitsuena. Gero ikusiko dugu sentsazio on horiek errepidean islatzen diren. Gainera, jendea indarrez dago. Hala ere, badut konfiantza neure buruarengan. Hori bai, egunez egun joatea komeni, badaezpada ere.

Sailkapeneko oilarrei dagokienez, oso erne ikusi dut Contador etapa guztian. Le Mevel aurretik egon arren, ez dut batere urduri ikusi. Aitzitik, uste dut begi onez hartu duela Le Mevel eguneko ihesaldian sartzea. Uste dut egia dela esaten ari dena, hots, ez zaiola axola maglia arrosa beste txirrindulari batek eramatea, axola zaion bakarra azken egunean soinean eramatea dela. Igor [Igor Anton] ere konfiantzarekin ikusi dut, egunez egun hobeto dago, eta ziur hor aurrean egongo dela.

Mendiko etapak ate-joka daude berriro, eta biharko [gaurko] etapa aproposa izan daiteke indar pixka bat gordetzeko. Ibilbide laua du etapak, eta, ezustekorik ezean, esprintean amaituko da. Esprinterrentzako azken aukera izan daiteke gainera, gero jada aldapak baitatoz. Hala ere, ezin gara fidatu, edozein egunetan gerta daiteke zerbait. Adi-adi egon beharra dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.