Aitor Manterola Garate.
Aulkitik begira

Betiko ajeak

2012ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Zaharrak berri. Denboraldi oro gertatzen dira gure taldeei asteburuan gertatu zaizkienaren parekoak. Eta zenbaitetan, talde berean errepikatzen dira, sasoia joan eta sasoia etorri. Osasunak Vallecas auzoan sekulako astindua jasotzea harrigarria bezain iragarritakoa izan zen; gerta zitekeen, hainbat arrazoi zirela tarteko. Athleticek ligako bolada txarra haustea ere normala da, boladak puskatu egiten baitira noizbait, onak izan edo txarrak izan. Eta Realak bi golen aldea alferrik galtzea ez da gaur goizeko kontua; ia denei edo denei gertatzen zaie noizbait, baina Realari gehiegitan.

Atzea, teknika eta oreka. Hiru hitz horietan oinarrituz aztertuko dut Realaren larunbateko jarduna. Tira, Carlos Velaren lan bikaina aipatu eta gero. Aspaldiko partez, jardun ona egiten ari da atzerritar bat Realean. Hori idatzita, natorren hiru kontuetara. Atzea bota dudanean, atzeko lerroa esan nahi dut, defentsako azkena.Cornella-El Prat zelaiko ateetako bat erori izan balitz, ez dakit nik zer arrazoi zela tarteko, bost jokalari azpian harrapatuko zituzkeen, ezbairik gabe: Claudio Bravo, eta haren lau atzelariak. Oso atzean sartzen da Reala defentsako zenbait egoeratan, eta horrek handitu egiten du gola jasotzeko arriskua. Teknika: lehen zatian, bi kontraerasotan egin zuen gola taldeak, baina beste hamar bat ez ziren kontraeraso izatera heldu. Jokalariek pase txarra eman edota baloia ez zutelako geratzen behar bezala, Espanyoli arnasa emanez. Eta oreka, azkenik, partida berean gorabehera handirik gabe ibiltzeari dagokionez. Bi golen aldea eduki arren, taldeak ez zuen konfiantza handirik eman. Golen indarra baliatu beharrean gorabehera handirik gabe ibiltzeko, aurkariari gauzak zailtzeko, eta egoera hark eskatzen zuen partida itxia egiteko, justu kontrakoa egin zuen. Orekarik gabe, edo indarrik gabe, edo, bestela esanda, oso sano jokatu zuen Realak.

Galdera onak. Zalantzan dabiltza batzuk Athleticen jiran. Txapeldunen Ligan aritzeko aukeraren bila joan ala liga bazterrean utzi, beste bi lehiaketetarako indarrak gordetzeko? Igandeko arratsaldeko seiak arte ez zegoen galderarik, baina handik ordu eta erdira, bai. Sevillari irabazi izanak eman dio hauspoa zalantzari. Egiten hasita, badaude galdera txarragoak. Egoera patxadaz aztertuta, begira ze hiru lehiaketaz ari diren: Txapeldunen Liga, Europako Liga eta Espainiako Kopako finala. Horiek aztertuta bakarrik, garbi dago nolako denboraldia ari den egiten Marcelo Bielsak entrenatutako taldea. Ligan, bolada txarra izan du azken hilabete pasatxoan, eta hor joan zaizkio lehen lauretan sartzeko aukera handiak. Baina bolada txarrari etena eman zion herenegun, boladak eteteko baitaude. Badabil beste galdera bat ere taldearen inguruan, eta horrek onetik eta txarretik du: lesioen mehatxupean dauden jokalariak ligan gorde egin behar al lituzke entrenatzaileak? Txarretik du, lesioak inoiz ez direlako onak izaten. Eta onetik dauka, aurreko galdera hura on egiten duen arrazoi beragatik. Ander Herrera eta Fernando Llorente kili-kolo dabiltza; batez ere, erdilaria. Zer egin biekin? Askotan gertatzen dira halakoak talde denetan, baina final bat jokatzeko edo agian bi jokatzeko gorde beharrak zalantzak sortzea ez da askotan gertatzen.

Kate berezia. Edo aste bereziak. Halakoxeak izan ziren joandakoak Osasunan. Duela ia bi aste, Lehen Mailan jarraitzeko aukera lortu zuen. Lorpen handia; handia delako, garaiz lortuagatik. Gero, joan zen zazpi eguneko multzoan, Jose Luis Mendilibar bilakatu zen albiste: kontratua berritu zuen urtebetez. Berri bikaina hori ere. Halakoetan, ematen du denboraldia amaitu dela. Helburua lortuta, eta entrenatzailea lotuta. Sasoi amaierako kontuak izan ohi dira. Baina oraindik hau ez da bukatu. Eta lanean segitu behar da. Baina, nonbait, larunbateko partida ez zuten txukun prestatu jokalariek, Mendilibarrek aitortu zuenez. Ondo ez entrenatzea hondamendiaren sinonimo izan ohi da ia beti. Mendilibar bera ere falta zen Vallecaseko aulkian, zigor bidegabea zela tarteko. Horiek denak zaku berean sartu, eta ez zen harritzekoa izan Rayo Vallecanok eman zion astindua. Talde askori gertatzen zaizkie halakoak. Betiko ajeak dira. Aje latzak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.