Aitor Manterola Garate.
Aulkitik begira

Betaurrekoak

2012ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Ikusteko. Izan ikusmen okerra zuzentzekoak, izan eguzkiaren argiari begiratzekoak, betaurrekoak ikusmenaren lagun dira. Uztarri berean daude. Ikusmenak, batzuetan, behar ditu betaurrekoak; eta betaurrekoek ezinbestekoa dute ikusmena. Futbolari begira jartzeko ere, txarrak ez belarri atzean jartzen diren horiek. Eguraldi ona eta partiden ordutegi berezia direla tarteko, betaurrekoen laguntza behar izan da hainbat bazterretan asteburuan. Bestela, ezin aurre egin eguzkiari. Pena, oraindik zabalduak ez izatea bakoitzak bere taldeari eta besteenei orekaz begiratzeko aukera emango luketenak. Horiek bai behar direla bazterretan. Eguzkiaren argi indartsuak baino gehiago itsutzen du eta oreka galarazten azterketetan.

Bi kolore. Ikusi-makusi, zer ikusi? Futbol zelai bat, belar ederrarekin. Zale ugari, harmailetan. Jokalari mordoa, soro pilean sakabanatuta. Txistua eskuan eta ahoan tartekatzen duen gizonezko bat ere bada. Haren hiru kide ere bai, berdin jantzita, zelaiaren bazterretan. Eta nola ez ikusi hau: baloia. Hor darabilte alderik alde jokalariek. Denek nahi dute baloia astindu, gozo bezain bortitz. Bi jokalarik bakarrik darabilte eskuan; gainontzekoek, oina eta hanka erabili behar. Zuriz eta gorriz ari den taldeak gola sartu du. Ahaztu egin zait esatea bi ate daudela alde bakoitzean. Horietako batean sartu du gola. Handik aurrera ere, askotan ibili da talde hori han bueltaka, baina horiz jantzitako jokalari batek ate guztiak itxi dizkie. Beste aldean dagoen urdinez jantzitakoak ez du hainbeste lan izan, nahiz eta haren ateko zutoinei eta langari hiru zartako eman talde grisekoek. Zaleak pozik daude, baina urduri ere bai. Harmailetatik gertu dagoen tramankulu argitsu bat dute kezkaren eragile: markagailua. 1 zenbakia dago ezkerrean, 0 eskuinean. Alde txikia. Azkenean, horrela amaitu da. Ikusi-makusi, zer ikusi? Erantzuna: bi kolore, zuria eta gorria. Grisa apenas. Eta zuri-gorriak nagusi izan dira jokoan, zutoinak zutoin, eta geroko adierazpenak adierazpen.

Bista okerra. Sevillan alferrik ziren betaurrekoak larunbat gauean. Eguzkirik ez, eta argirik ere ez une batean. Argindarrak kale. Ilunpea, zelaian. Beharrik ere ez betaurrekoena, Realak gauza asko ondo egin zituela ikusteko. Ia denean izan zen Betis baino hobea, eta etxeko taldeak zeharo arlotea ematen zuen zenbait unetan. Baina gauza batean egin zuen kale Realak. Tira, bi lekutan eta gauza batean: bi areetan, eta golaren arloan. Ez zuen asmatu aukerak gauzatzen, eta ez behin edo bitan. Pixka-pixka bat asmatu izan balu, nabarmen irabaziko zuen. Ez zuen asmatu bere atea gordetzen ere. Horretan egin zuen partida txarra Realak. Beste gainontzean, ondo moldatu zen. Ondoren, neurketa bukatu eta gero, azterketen garaia, eta bakoitzak bere betaurrekoak soinean, eta betaurrekoen atzean, bakoitzaren begiak. Eta begien atzean, itxuraz inola ere alda ezin daitezkeen iritziak. Erruduna, beti bezala, Montanier. Eta argumentuak, betikoak. Halakoak gara pertsonak, itxuraz: zerbait buruan sartzen zaigunean edo digutenean, ezin bueltarik eman. Betaurreko berdinak beti soinean, eguzkia egin edo argia falta, larunbatean Sevillan bezala. Aukeran, nahiago bista zuzentzekoak jantzi, alde onak eta txarrak nabarmentzeko eta ikusteko balio duten horiek.

Bielsarenak. Zer ikusiko ote zuten Bielsarenek? Ikuspegia ezberdina izan zuten, behintzat. Ez baitzen ohi bezalako jarreran egon. Beti egon izan da zutik, oihuka, pausoak pausoari kateatuz. Igandean, oso gutxitan jaiki zen, eta betaurrekoak ere lasai antzean, betiko mugimendurik gabe. Harrituta ziurrenik, jabearen jarrera berriarekin. Betaurrekoetatik barrena sartu zitzaion begietara eta handik burura derbian ikusten ari zena. Ondo ikusi zuen, ohi duen bezala. Gizon jantziaren itxura ematen diote betaurrekoek, jakintsuarena. Futbolaren maisua da bera. Eta maisu izateko, ibili luzea behar. Talaia horretatik mintzatu zen joan zen astean, aldagelatik atera eta komunikabide batean pausatu dizkioten azalpenen harira. Eman zituen azalpenak, eta kazetaritzaren deontologia ere aipatu zuen, ohi duen moduan, zuzen. Betiere, betaurrekoak soinean zituela. Hamaika aldagela, ehunka jokalari ikusiak dira bereak, eta eskerrak orekaren betaurrekoak diren. Eroaren doinuak entzuten dira beraz jarduten dutenen artean, baina nago kabalena bera izaten ari dela udatik klubaren barruan piztu diren sute guztietan. Bielsaren betaurrekoak behar dira futbolaren munduan. Ikusteko eta bista okerrak zuzentzeko. Zabalduko al ditugu hor zehar denon artean?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.