Txirrindularitza. Italiako Giroa. Errozaten gora

Basakeria ikusgarria

Juanjo Oroz.
2011ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Kito, amaitu dira esprintak. Bederatzi etapa falta dira oraindik itzulia amaitzeko, baina hemendik aurrera egunero dago zerbait. Hori bai, hurrengo hirurak dira benetan erabakigarriak. Nabari da errespetu handia diegula hiru etapa horiei, eta ziur nago igandean oso argituta geratuko dela sailkapen nagusia. Gehienez hiruzpalau lagunek mantenduko dute Giroa irabazteko aukera.

Guri dagokigunez, oso aukera ona daukagula uste dut. Aukeratzen hasita, Zoncolaneko etapa aukeratuko genuke Igor Antonentzat. Baina oinak lurrean eduki behar ditugu. Hori bai, pozik gaude honaino nola heldu garen ikusita, Igor oso gertu dagoelako sailkapen nagusian.

Etapak aztertzen hasteak beldurra ematen du, baina, ideia bat egitearren, hurrengo hiru egunetan 15.000 metro inguruko desnibela daukagu. Igandeko etapak 6.500 metroko desnibela dauka; Zoncolanen amaituko denak 5.000 metrokoa, eta biharkoak [gaurkoak] 3.500 inguru edukiko ditu. Pentsa! Ikaragarria da desnibel hori, eta buruz prestatuta egotea da lehen baldintza. Badakigu asko sufrituko dugula, igandekoa etapa batez ere basakeria delako. Horregatik saiatu gara egunotan gehixeago jaten, baina, gazteenen kasuan, nabaritzen da zaindu beharraren zaindu beharraz, gutxixeago jaten dutela egunero. Etengabe esan diegu jateko lasai, gaur ez bada bihar, eta bihar ez bada etzi, erreko dutelako sobera daukaten kilo hori.

Oso etapa arriskutsuak dira, eta Contadorrek berak ere edozein momentutan sufri dezake. Igandean momentu txar bat daukanak 40 minutu gal ditzake helmugan. Egun horretan faboritoren bat desagertuko da, eta espero dezagun gurea ez izatea. Kontuz Rujanoren gisako txirrindulariekin. 50 kilo besterik ez dauzkate, eta ibilbidea oso aproposa da eurentzat. Telebistaren aurrean jarri eta gozatzeko esango nizueke, garai bateko txirrindularitza ikusiko duzuelako: urrutitik jotako erasoak, txakalaldiak... Ikusgarria izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.