Olatuaren gainean. Aste polita izan omen zuten Taxoaren eta Zubietan. Jokalariek eta entrenatzaile batek esandakoek hala adierazten zuten, behintzat. «Aspaldian ez bezala entrenatu gara», bota zuen Patxi Puñalek, Osasunako jokalariak. «Talde honek ez du oraindik gailurra jo», iragarri zuen Philippe Montanierrek, Realeko entrenatzaileak. Astearen aurreko partidak baldintzatu egiten du ondorengo lan astea. Irabazteak aparteko poza ematen du, konfiantza, motibazioa eta antzeko faktore psikologiko guztiak, eta Osasunak Bartzelonari irabazi zion; Realak Sevillari. Olatuaren gainean egin zuten astea bi taldeetan.
Mendilibar ez zen ito. Laneko aste oparoa izan zutela eta, pozarren joan ziren Osasunakoak Sevillara. Handiari handia kateatzeko gogoz. Bartzelonaren atzetik Sevilla. Baina bidaian joan zirenetako batek eman zuen abisua, Andaluzia aldera joan aurretik. «Aste barruan ondo entrenatu izanak ez du bermatzen partidan ondo jokatzea. Oso neurketa txarrak ere ateratzen dira laneko aste onen ondoren». Gogoratuko zen esandakoaz partidaren lehen zatia ikusten ari zela. Eskuak trajearen praketako patriketan sartuta egon zen, jo batera, jo bestera. Mendilibar ez zen ito olatuaren gainean joan ziren gainerako denak bezala. Olatuaren azpia ere badela gogorarazi zuen bezperan, eta bai asmatu ere.
Lehen zatiko hutsak. Sevilla hobea izan zen lehen zatian. Osasuna deseroso egon zen. Korrika asko egin zuten jokalariek, baina gehienetan, gaizki edota berandu. Erasoan, ezin baloia eta taldekideak hiruzpalau paserekin lotu, eta defentsan, ura hartu eta hartu leku guztietatik: zelai erdian bereziki, eta, ondorioz, atzealdean ere bai. Presioa egin nahi zuen, baina ezin abiapuntu egokirik aurkitu horretarako. Sevillaren lehen golak are gehiago aldrebestu zituen gauzak. Arriskatzera joan beharraz, are eta lan txarragoa egin zuen defentsan. Presioa egiteko, ezinbestekoa da lerroak elkartuta egotea, eta tarte handiegia zegoen gauza onerako. Lerroen artean eta lerro berekoen artean.
Betiko harrian, braust. Zenbat aldiz egin du Realak herenegungoa? Hau da, sailkapenean beheko aldetik gehiago urruntzeko aukera zuenean, kareletik behera bota. Gehitu bat gehiago zerrenda horri. Biderik okerrenetik egin zuen, gainera. Epailearen lana txarra eta kalterako izan zenean, esan nahi dut. Aukera ederra aitzakia bilatu gabe bertatik bertara aurkitzeko. Montanierrek eta jokalariek epailea aipatu zuten partida ondorengo jardunean. Barrura begira egingo al dute autokritikarik? Bestela, zerrenda beltz hori luzatzen joango da berriz ere. Gailurrik jo gabe egongo da taldea, eta hori ona da, duda-rik ez; baina beste muturreko gailurra askotan jotakoa da Reala. Gehiegitan, gauza onerako. Eta talde barrukoei dagokie zergatia aurkitzea.
Hautsita eta galduta. Denboraldiko partidarik txarrenetakoa jokatu zuen Realak Granadan. Hasieratik, gainera. Bi taldeak jokalari kopuru berarekin zeudenean ere eskas aritu zen. Defentsako lanean gaizki jarrita, inora iristeko aukerarik gabe, eta erasoan, oso geldi, baloia zuenari batere laguntzarik eman gabe. Montanierri egurra eman diote, nola ez, baina jokalariek ere merezi dute. Denak aritu ziren gaizki.
Ondo entrenatzea. Bistan da laneko aste ona egin izanak ez duela emaitza onik bermatzen. Baina aukeran nahiago dut astea joan eta astea etorri ondo entrenatzea. Gogoak eta intentsitateak beti egon behar dute presente lan saioetan. Lehiatu egin behar da aste barruan. Hori dena egin gabe, nekez izango da lehiakorra talde bat asteburuan. Gero, ikusi dugun bezala, lehiakorra izateaz gain, beste arloetan ere ondo ibili beharra dago. Osasunan eta Realean, aparretan blai joan ziren partidak jokatzera, baina aparretan nahastuta bukatu zuten bi taldeek. Apar urrunak Bartzelonari eta Sevillari irabazi eta geroko haiek. Eta bukatzeko, gai honen inguruan sortzen den galdera: pro-fesionalek ez al lukete egunero «aspaldian ez bezala entrenatu behar?».
Aulkitik begira
Apar urrunak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu