Txirrindularitza. Frantziako Tourra. Guadalupetik

Afganistango gerran bezala

Juanma Garate.
2011ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Lehengoan esan nizuen batzuetan bizikletaren gurpil onean ibiltzea egokitzen dela. Baina oraingoan txarra egokitu zaigula esan beharrean nago. Egun guztiak dira garrantzitsuak Tourrean; lehen etapan zortea eduki genuen, baina gaur [atzo] lurrera erortzea tokatu zaigu. Tarteko helmugaren ondoren eroriko handia izan da, eta hortxe joan gara lurrera. Robert [Gesink] babestu nahian gindoazen gu, baina Brajkovic erori zait aurrean, eta hegan atera gara bai ni, bai Robert eta bai Carlos [Barredo]. Min handia hartu dugu hirurok.

Oraintxe iritsi gara hotelera, eta Roberti puntu batzuk eman behar izan dizkiote. Ni, berriz, ospitalera joango naiz orain erradiografia bat egitera, ia ziur nagoelako saihetsen bat hautsita daukadala. Orain dela lauzpabost urte, Quick Stepen nengoenean, Algarveko itzulian erori nintzen, eta orduko min berbera daukat. Erortzera nindoanean eskuin besoa luzatu dut, aurpegian minik ez hartzeko. Baina saihetsetan hartu dut kolpe handiena; saihetsetan, ukondoan eta aldakan.

Elkarren artean nahikoa tarte utziz gindoazen, tropelaren kanpoaldetik, arriskatu gabe, haizea aurrez aurre geneukala... Ezinezkoa zen arrisku gutxiago hartzea. Baina Brajkovicek txirrindulariren bat ukitu du, eta nire parean erori zait. Hiru taldekideoi erdi-erditik hautsi zaigu bizikleta. Pentsa zenbateko kolpea hartu dugun! Robertek berehala esan dit 20.000 euroko kolpea hartu dugula.

Autobuseko aldagelak gudu zelaia ematen zuen. Taldeko medikua Herbehereetako armadarekin Afganistanen ibilitakoa da, eta hari galdetu diot, gerran adinakoa ez zela izango, agian, gaurkoa [atzokoa], baina handia izan dela. Eta gerran izaten zuen sentipen berbera izan duela erantzun dit. Hiru txirrindulari min hartuta zihoazela abisatu diote hari, kolpe gogorra hartuta gindoazela, baina ez zekien nola geunden. Gerran ere hala gertatzen omen zitzaion.

Ikusiko dugu erradiografian zer ikusten den, baina, hautsita egon edo ez egon, ezin da ezer egin. Atseden hartzeko esango didate, baina nik hemen jarraituko dut, egurrean. Lo egiteko zerbait eman beharko didate, baina saiatuko naiz, behintzat!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.