Txirrindularitza. Italiako Giroa. Errozaten gora

27 urte ditut jada

Mikel Nieve.
2011ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Egun berezia da gaurkoa niretzat [atzokoa], nire urtebetetze eguna baita. 27 urte bete ditut, bai, pixkana-pixkana bagoaz aurrera. Egun polita izan da: goizetik familiaren eta lagunen mezu eta deiak, taldekideen zorionak gosaltzerakoan... Horrelako gauzak ospatu egin behar dira, eta guk ere ospatu egingo dugu, afarian, tarta jaten eta xanpaina edaten. Ez uste, hala ere, betekada hartu dugunik. Pisua zaindu behar dugu, are gehiago lasterketa batean lehiatzen egonda. Baina, beno, egunak merezi zuen horrelako ospakizun bat.

Etapan, baina, ospakizunetarako tarte gutxi egon da. Datu bat: lehen ehun kilometroak bi ordu eskasean egin ditugu. Atera kontuak, bai, orduko 50 kilometroko abiaduran ekin diogu etapari. Beraz, broma gutxi. Eta hori jendea indarrez justu dagoela. Eskerrak, bestela... Niretzat ez da etapa lasaia izan. Kolpea hartu dut belaunean, eta min pixka bat dut. Taldeko medikuek esan didate ez dela ezer larria, eta okerrik ezean ez dudala arazorik izango bete-betean jarraitzeko. Baina, beno, aitortu beharra dut, badut beldur pixka bat. Ea hobera egiten duen. Gainera, egin ditut jada kontuak: 500 kilometro baino gutxiago gelditzen zaizkigu Milanera iristeko. Badut gogoa, nahiko nekatuta bainago. Eta behin eskatzen hasita, eta gaur [atzo] nire urtebetetzea dela aprobetxatuta, Giroa lehen hamarren artean amaitu nahiko nuke. Ilusio handia egiten dit, baina, beno, ez dut ere horrekin itsutu nahi. Nire helburua bete dut, ondo bete ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.