Futbola

Alavesek bere onera itzuli nahi du gaur, Rayoren zelaian

Azken lau partidak galdu ostean, irabazten eta jaitsiera postuetatik aldentzen saiatuko da Vallecasen. Defentsan hobetzea du lehentasun, hemezortzi gol sartu baitizkiote dagoeneko. Abqarrek eta Kike Garciak zigorra bete beharko dute.

Nahuel Tenaglia, baloiarekin, Valladoliden aurkako partidan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Nahuel Tenaglia, baloiarekin, Valladoliden aurkako partidan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
enaut agirrebengoa
2024ko urriaren 26a
05:05
Entzun

Alai hasi zuen denboraldia Alavesek. Oso onak izan ziren lehen emaitzak —hamar puntu lehen sei jardunaldietan—, eta itxaropen handia sortu zen taldearen inguruan. Alabaina, bekokia ilundu egin zaie arabarrei azken lau partidetan: galdu egin dituzte laurak, eta jaitsiera postuetatik bi puntu eskasera gelditu dira. Udazkenak ez die onik egiten, iaz ere txakalaldia izan baitzuten garai berean; ez zuten partidarik irabazi irailaren erdialdetik azaroa hasi arte. Bada, bolada txarra lehenago eteten saiatuko dira aurten, gaur Rayoren zelaian irabazita (16:15, DAZN).

Jarraian galdutako lau partiden artean, azkena izan zen mingarriena Alavesentzat. Izan ere, aurkari zuzen batek hartu zuen mendean, Valladolidek (2-3). Mendizorrotzaren babesak ezer gutxirako balio izan zion Luis Garcia Plazak zuzentzen duen taldeari. Epaileak egindako huts argiak ezin dira aitzakia izan arabarrentzat. Defentsan oso hauskor ari dira, eta Valladolidi libre utzi zioten pasabidea. Azken lau partidetan 11 gol sartu dizkiete, eta guztira hemezortzi. Hortaz, eginbehar nagusi bat izango dute gaur: defentsako egitura irmotzea. 

Alavesek Abdel Abqar gabe moldatu beharko du. Marokoarrari bosgarren txartel horia atera zioten azken neurketan. Orain arte titular izan da partida guztietan, eta ikusteko dago Garcia Plazak nola ordezten duen. Hugo Novoak ere ezingo du atzeko lerroan jardun, arazo fisikoengatik. Eta aurrean, berriz, Kike Garciak zigorra bete beharko du; epaileak bi txartel hori atera zizkion segidan Valladoliden kontra. Hamaikakoan ez du hutsunerik utziko, titular gisa Toni Martinez ari baita jokatzen. Zelai erdian, berriz, berritasunak egon litezke.

Aurkari gogorra izango du Alavesek. Rayok behin bakarrik galdu du azken sei jardunaldietan —joan zen igandean, Mallorcan—, eta abuztu bukaeran menderatu zuten azkenekoz etxean —partida bat irabazi eta bi berdindu ditu Bartzelonak azpiratu zuenetik—. Nahitaez, Valladoliden kontra baino lehiakorrago aritu beharko dute arabarrek.

«Partida garrantzitsua da, baina denak dira horrelakoak. Mailari eusteko garai txarrak pasatu behar dira, eta gu orain garai txarra ari gara pasatzen. Kasta atera behar dugu», esan du Garcia Plazak. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.