Irabaztea beti da garrantzitsua, baina balioa galtzen du jarraipenik izan ezean. Eta horixe gertatu zaio gaur Alavesi Vila-realen (Herrialde Katalanak): galdu egin du, 3-0, eta ez dio segida eman duela astebete Mendizorrotzan Mallorcaren aurka lortutako garaipenari. Beraz, ez du urratsik egingo jardunaldi honetan denboraldiko helburu nagusia lortzeko bidean: beste urtebetez onenekin aritzea.
Ez da aldatu behar ondo dabilena, eta Luis Garcia Plazak aldaketa bakarra egin du hasierako hamaikakoan azken partidarekin alderatuta. Behartutakoa izan da, Protesoni min hartuta baitago. Gebarak ordezkatu du. Baina futbola ez da zientzia zehatza, eta egun batean ondo dabilena ez dabil beste batean. Eta gaur, ez da ondo ibili. Vila-real ere ez da Mallorca, koska bat gorago dago, eta, gainera, etxean aritu da. Zailagoa zen erronka arabarrentzat.
Goitik behera egin du Alavesek. Ondo hasi da, eta nor baino nor gehiago aritu da Vila-realekin lehen zati ia osoan. Are gehiago, Kike Garcia gola sartzear egon da 25. minutuan: buruz errematatu du, eta Diego Condek langara bidali du baloia aldaratzean. Vila-realek, ordea, ez du barkatu, eta 38. minutuan lehen gola sartu du. Ilias Akhomachek egin du, buelta-erdian. Pozak, ordea, gutxi iraun dio, hurrengo jokaldian larriki lesionatu baita.
Golak min handia egin dio Alavesi. Atsedenaldia ez da aringarri izan. Aitzitik, Vila-realek aurrerapausoa eman du, eta oso estu hartzen hasi da bisitariak. Bi gol sartu ditu lehen hogei minutuetan, baina biak baliogabetu dizkio epaileak, jokalariak jokoz kanpo egoteagatik. Garcia Plazak aldaketak egin ditu, baina alferrik, ez da egon susperraldirik. Hori gutxi ez, eta 79. minutuan epaileak penaltia adierazi du, baloiak Manu Sanchezen eskua jo ostean. Parejok ez du huts egin. 81. minutua zen. Handia egin behar zuen Alavesek, eta ez du egin. Comesañak, gainera, azkena eman dio, 90. minutuan hirugarren gola sartuta.
Bi aste barru jokatuko du hurrengo partida, berriro etxetik urrun, Atletico Madrilen aurka. Lana du egiteko.
VILA-REAL-ALAVES
Vila-real. Diego Conde; Kiko Femenia (Pau Navarro, 24. min.), Costa, Albiol, Cardona; Ilias Akhomach (Yeremy 45. min.), Parejo; Gueye (Comesaña, 73. min.), Alex Baena; Pepe (Barry, 73. min.) eta Ayoze (Bernat, 85. min.).
Alaves. Sivera; Tenaglia, Abqar, Pica, Manu Sanchez; Gebara (Jordan, 68. min.), Blanco; Carlos Vicente (Conechny, 77. min.), Rebbach (Carlos Martin, 52. min.), Guiridi (Stoichkov, 68. min.); eta Kike Garcia (Toni Martinez, 76. min.).
Golak. 1-0. Akhomachek (38. min.). 2-0. Parejok, penaltiz (81. min.). 3-0. Comesañak (90. min.).
REALAK LIDERRA HARTUKO DU BIHAR ANOETAN: BARTZELONA
Realak partida oso zaila du bihar, liderra hartuko baitu Anoetan, Bartzelona (21:00, Movistar La Liga). Txuri-urdinak oso gorabeheratsu ari dira. Katalanak, berriz, bikain ari dira: bi puntuk bakarrik egin diete ihes. «Geure burua aldarrikatzeko partida da», esan du Imanol Alguacilek.
Athleticek, berriz, bolada ona luzatu nahi du Valladoliden (18:30, Movistar La Liga). Aurkaria azken-aurrena da, baina Ernesto Valverde ez da fidatzen. «Garagardo bat eskuetan kiniela egin, eta denak asmatzen dituzu, baina astelehenean gero ez duzu bakar bat ere asmatu».
Emakumezkoen Lehen Mailan, berriz, hiru euskal taldeak ariko dira. Eibarrek eta Athleticek etxean jokatuko dute: gipuzkoarrek Tenerife hartuko dute (12:00, Dazn), eta bizkaitarrek Betis (16:00, Dazn). Reala, berriz, kanpoan ariko da, Coruñan (Galizia), Deportivoren kontra (12:00, Gol).