Agur 2017, eta agur Vela

Sei urte distiratsuren ondoren, Carlos Velak agurreko eguna izango du gaur, Anoetan. Europako postuen usainean segitzeko, Sevilla ahaltsua garaitu behar dute txuri-urdinek

Agur 2017, eta agur Vela.
jon eskudero
<i>Donostia</i>
2017ko abenduaren 20a
00:00
Entzun
Gau berezia bizitzeko osagai guztiak bilduko ditu gaur Anoeta estadioak. Besteak beste, neurri handiko aurkaria jasoko du Realak: Sevilla. Horrez gain, urteko azken neurketa jokatuko du. Eta, batez ere, Carlos Velaren agurreko eguna izango da. Sei urte distiratsuren ondoren, elastiko txuri-urdina azken aldiz jantzita agertuko da mexikarra, eta merezi bezalako omenaldia egingo diote jarraitzaileek. Hainbat ekitaldiren artean, 11. minutuan eskuko telefonoetako linternak piztuko dituzte, Velak berak 11 zenbakia eraman izan baitu bizkarrean. Sei urteotan makina bat gorabehera izan du jokalariak klubean, baina, ezbairik gabe, arrasto nabarmena utziko du Realean eta inguruan, eta inoiz ahaztuko ez duen gaua bizi ahal izango du. Seinale ona litzateke une horiek garaipen batekin gogoratzea.

Europako hainbat taldetan sartu-irtenak egin ondoren, zalantza askorekin iritsi zen Vela Donostiara, eta usteko zuen «gehienez ere bi denboraldi» egingo zituela Realean. Euskal kulturara egokitzea «dezente» kostatu arren, jendearen maitasuna sentitzea lortu zuen pixkanaka, eta kirol arloan ere zenbaki bikainak utzi ditu. Lehen hiru denboraldiak bikainak egin zituen, hurrenez hurren, hamabi, hamalau eta 21 gol eginda. Hurrengo hiruretan ez dira hain distiratsuak izan estatistikak, batez ere lesioek ez diotelako lagundu, baina beti izan da jokalari garrantzitsua taldean. Darko Kovacevicen ondoren, Realaren historian denbora gehien jokatu duen bigarren atzerritarra izango da.

Haren agurra ez da garairik onenean iritsiko, goitik beherako bidean delako Reala aspaldian. Eusebio Sacristanek atzo aitortu zuenez, Sevillari irabaztea oso garrantzitsua litzateke, eta horri besterik ez dio erreparatu nahi, nahiz eta Velaren agurreko partida izan. «Ez dakit Velak hasieratik jokatuko duen edo ez», adierazi zuen entrenatzaileak. Izan ere, garaipen premia dute txuri-urdinek. Joan den larunbatean San Mamesen hainbestean jokatu zuten, eta han lortutako puntua baleko jotzeko, ezinbestekoa izango da Sevilla mendean hartzea. «Joko estiloak funtzionatu zigun Athleticen aurka, eta bide berari eutsiko diogu. Sevillak talde handi batek duen guztia dauka: kalitatea, indarra, nortasuna... Ezingo dugu ezertan hutsik egin. Egun egokia litzateke urtea ongi agurtu eta gugan sinesteko».

Sevillari irabazteko, etxean hobetu beharra izango du Eusebioren taldeak, zenbaki kezkagarriak baititu orain arte. Esaterako, 2017an hemeretzi partida jokatu ditu ligan Anoetan, eta soilik zazpitan eskuratu ditu hiru puntuak. 2010ean Lehen Mailara igo zenetik ez dira inoiz hain eskas ibili txuri-urdinak. Besteak beste, urtea Sevillaren aurka hasi zuten, urtarrilaren 7an, eta 0-4 galdu zuten. «Lezioa ongi ikasi genuen. Kontraerasoan bizi ateratzen den taldea da, eta erne jokatu beharko dugu». Dena dela, Sevilla bera ere jarraitutasuna lortu ezinda dabil.

Hamaikakoari dagokionez, ez da aldaketa handirik espero. Kevin deialditik kanpo dago, min hartuta delako. Velak jokatzen badu, 250. partida izango du elastiko txuri-urdinarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.