Parisko Disneyland parkean familiarekin egun batzuk pasatzen harrapatu du BERRIAren deiak Ander Vilariño (Hondarribia, Gipuzkoa, 1979). Hain zuzen, familiari, emazte, seme-alaba, arreba eta gurasoei eskaini die joan zen igandean Le Manseko zirkuituan (Frantzia) irabazitako Europako Nascar txapelketako titulua, irabazi duen bigarrena. «Haiek laguntzen eta babesten naute gehien. Emaztea oso pozik dago. Hark sufritzen du gehien nire hutsunea».
Zorionak, Ander, historia egin duzu automobilismoan.
Mila esker. Ikaragarrizko saria da niretzat Europako Nascar Txapelketa irabazi izana. Ohorea da bigarren aldiz jarraian titulua lortu izana, eta oso pozik nago.
Nola sentitzen zinen azken lasterketan? Urduri zinen?
Ez dut gezurrik esango: bai, urduri nengoen. Beste automobilismoko probetan puntuazioa beti bera da lehen lasterketatik azkenekora. Nascar txapelketan, ordea, azkeneko lau probek bikoitza balio dute. Horrek tentsioa areagotzen du. Edozer pasa daiteke horrelakoetan. Huts bat egiten baduzu, edo matxuraren bat izaten baduzu, garesti ordain dezakezu. Baina tira: azkenean dena ondo atera zen, eta gustura nago helburua lortuta.
Nola aztertuko zenuke egin duzun txapelketa?
Oso gustura nago egin dudan txapelketarekin. Hamabi probatan aritu naiz: zazpi irabazi ditut, eta hamar aldiz, sailkapeneko lehen bosten artean sartu naiz. Oso erregularra izan naiz, gorabeherarik gabe. Hala ere, azken asteburuan asko sufritu nuen, kolpe asko jaso nituen autoan, eta asko zaildu zitzaidan lehia. Azkenean laugarren egin nuen bi egunetan, baina aurretik puntu asko nituen lortuta, eta horrek erraztu egin zidan garaipenerako bidea.
Emaitza horiek ikusita, erraz irabazi duzula dirudi. Hala al da?
[Barrez] Inola ere ez. 1 Formulako puntuazio modu bera edukiko bagenu, garaipena larunbatean bertan lortuko nuen. Baina, Europako Nascar Txapelketan dagoen puntuak emateko sistemarekin, larunbatean hirugarren zegoenak, 37 punturekin ere, irabaz zezakeen. Nik, azkenean, lau punturengatik irabazi dut txapelketa.
Zein izan da zuretzat denboraldiko garaipen onena?
Bigarren garaipena izan zen niretzat bereziena eta politena, Nogaro Frantziako zirkuituan lortutakoa. Zigorra ezarri zidaten, seigarren bukatu nuen, eta euri asko egin zuen. Baina, hala ere, zailtasun horiek gainditzen ahalegindu nintzen, eta azkenean, azken itzulian, lehena eta bigarrena aurreratu nituen bihurgune berean. Bizitzan behin bakarrik gertatzen dira horrelako gauzak.
Abenduaren 14a. Zer datorkizu burura egun hori aipatuta? [AEBetako Nascar Txapelketaren festa jokatuko da egun horretan].
Izugarrizko festa. Munduko hainbat txokotako txapeldunak bertaratuko dira: Kanadakoak, Mexikokoak, Europakoak... Iaz, ikaragarri gozatu nuen. Aurten, hobeto prestatuta joango naiz, eta ziur nago gehiago gozatuko dudala. Hollywooden pareko festa bat da; amerikarrek egin ohi duten moduan, dena da handia. Ulertzeko, bizi beharra dagoen esperientzia bat da. Ondoren, astebete egongo gara han, eta aukera ezin hobea da, bai niretzat eta bai babesleentzat. Oihartzun handia du, eta kontaktuak egiteko erakusleiho paregabea izaten da.
Non ikusten duzu zeure burua egun horretan?
Iaz baino auto hobeagoa gidatzea espero dut, autoarekin arazo asko izan nituelako iaz. Aurten, ordea, ez dugu autoa hemendik eramango. AEBetako auto bat gidatuko dut. Ona bada, aukerak izango ditut goiko postuetan egoteko.
AEBetara begira zaude? Europako txapelketa txiki gelditu zaizula uste duzu?
[Barrez] Ez, ez, inola ere ez. Europako Nascar Txapelketa irabaztea sari oso garrantzitsua da. Egia da, kanpotik begiratuta, bitik bi irabazi ditudala eta, horrela ikusita, erraza ematen duela. Baina irabazi dudan bezalaxe gal nezakeen asteburuan. Maila oso ona izan da. Hala ere, egia da, aitortu behar dut ilusio ikaragarria egiten didala AEBetako talderen baten aritzeak; baina aurrekontu handia eskatzen du horrek. Babes eta laguntza handia behar da. AEBetan bizitzea gustatuko litzaidake egunen batean, baina ez edozein modutara. Eskaintzak ona izan beharra du; erdipurdikoa bada, nahiago dut etxean jarraitu gidatzen.
Nola daude automobilismoan diru kontuak? Nabaria da krisia?
Bai, noski, asko nabari da, toki guztietan bezala. Hala ere, AEBetako Nascar txapelketan ez da hain nabaria eragina. Babesle indartsuak dituzte, eta ekonomikoki egoera hobean dago. Baina 1 Formulan adibidez, gero eta pilotu gehiagok ordaintzen dute euren patrikatik eserleku bat izateko.
Zein da zure hurrengo helburua?
Irabazten saiatzea eta lasterketa onak egitea. Baditut zenbait eskaintza AEBetan gidatzeko, baina ez dira berme handiko taldeak; ez dut oso argi ikusten hara joateko aukera. Oraingoz, nahiago dut hemen erreferentziazko gidaria izaten jarraitu, eta AEBetan aritzeko ahal dudan gehienetan sailkatu.
Egin hamar urte atzera. Burutik pasako zitzaizun bi aldiz irabaziko zenuela Europako Nascar Txapelketa?
Txantxetan esanda ere ez nuen sinetsiko. Duela hamar urte nire ametsa zen 1 Formulako gidaria izatea. Gerora, Europako Nascar Txapelketan gidatzeko aukera eskaini zidaten, eta ezin sinetsita nengoen. Itzela izan zen. Bada, zer esan orain, titulua bitan irabazi ondoren. Izugarria da, eta kosta egiten zait oraindik barneratzea zer lortzen ari naizen.
Ander Vilariño. Pilotua
«AEBetan erdipurdiko talde batean aritu baino nahiago dut etxean gidatzen jarraitu»
Europako Nascar txapelketa irabazi berri du bigarrenez jarraian. Oso pozik dago lortutakoarekin, baina buruan du jada hurrengo erronka: abenduan, AEBetako Nascar txapelketaren festan lan onena egitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu