ZUZENDARIARI 

Pedro Leoz: gizon handi baten oroigarria

Alvaro Calderon Fernandez.
Iruñea.
2017ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Pedro joan zaigu. Kasedako apaiz zaharra izatera itzuli da, bizitzara. Bizitza betiereko eta nonahikora, E. Tolleren hitzetan, jaiotzari eta heriotzari loturik dauden ezin konta ahala bizitza modu horietatik haragoko bizitzara.

Eta triste baino tristeago gaude bere bizitzaren orain horietako baten batean berarekin egoteko zortea izan dugunok. Eta tristezia hori geuregandik aldendu beharko dugu egoak irenstea nahi ez badugu. Zeinen gizon handia Pedro! Zeinen bihotz onekoa! Zeinen leba handiko gizona! Bizitza osoa hurkoaren alde lanean! Inoiz ez zuen berarentzako jabetzarik nahi izan; haren etxea denona zen, eta haren dirua ere bai! Kasedan jaioa, laster konturatu zen sentitzen zuen fede sendoari zentzua emateko bere indar eta energia guztiak pobreenei, behartsuenei laguntzen agortu beharko zituela, eta Iruñeko Seminariora joan zen. Azkar ohartu zen, baina, han ikasitakoek ez zutela bere justizia nahia asetzen, ezta gutxiagorik ere, eta ez zutela zapalduenei laguntzeko sentitzen zuen beharra betetzen. Hori zela eta, Ameriketara joan zen. Ekuador, Venezuela, El Salvador, Nikaragua... bere lan handiaren lekuko dira; hala aritzen zen lantegietan langileen eskubideen defentsan, nola nekazarien alde, herrialde guztiek burujabe izaten ikasi beharra dutela jakitun. Gerrillan parte hartzea ere egokitu zitzaion, lan humanitarioak egiten, eriak eta zaurituak garraiatzen, eta esan beharrik ez dago, bere bizia ere arriskuan jarriz.

Han ezagutu zuen Ines, bizitza osoan zehar ondoan izanen zuen laguna, bere elkartasun-borrokan tinko aritzen lagundu zion euskarri sendo eta babes beroa. Beti esan izan da gizon handi baten atzean emakume handi bat dagoela, eta kasu honetan aitortu beharra dago hori egia dela.

Etxera itzulitakoan, erretiratua ordurako, lanean jarraitu zuen nekaezin justiziazkoak jotzen zituen hainbat kontutan! Eguesibarren zinegotzi izan zen, eta Nafarroako Ondarearen Defentsarako Plataformako Lehendakaria. Sasoia elkartean aritu zen langileen alde, zapalduen alde, migratzaileen alde, erretiratuen alde... izan ere, heriotzak bere lan eder hori oraindik garbira pasatzekoa zuela harrapatu baitzuen, oraindik eginkizun den Adinekoen Kontseiluak nolakoa izan behar duen erabakitzeko ekarpenean.

Horrelako nafar batek ezin utz zezakeen bazterrean Euskara, Lingua Navarrorum-a. Nafarroari eta Euskal Herriari zien maitasuna: ezkutatu beharrik gabekoa, neurrigabea.

Hark besteak maite zituen, eta besteei maitagarri egiten zitzaien bera. Nola sentitu dugun haren joana! Eta berriz ere E. Tolleri men eginez, ziur gaude bat eginen duela geure izatearekin, edo kristauek esaten duten moduan, Jaungoikoarekin, Aita esaten diogun horrekin. Agur eta ohore, Pedro.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.