ZUZENDARIARI

Orrialde zein partitura artean galduta

Bilbo.
2017ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Non sartu dira gazteak? Nire ustez, ihes egin dute beste mundu batera. Ihes egin dute, mundu honetatik aldendu nahian. Literatura, musika edota pinturaren munduan egon daitezke. Bilatuko ditut.

Becquerren mundu exotikoetan bilatu ditut, sentimendu, pasio eta sufrimenduen artean, baina ez ditut aurkitu. Yoknapatawphara abiatu naiz. Edonola ere, Faulkner jauna besterik ez dut ikusi. Literatura mundua utzi baino lehen, dadaisten ezerezetik, ukazio absolututik pasatu naiz, eta ez dut ezta Tristan Tzara agurtzeko augera izan.

Musikaren lurraldean, Elisa topatu dut. Noski, bere partiturako nota leunen artean ez dira ezkutatu. Non egongo ote dira? Partitura artean, swing musikaren pentagramako nota dantzariekin ez daude. Sol eta Fa klabeei itaundu diet, baina haiek ez dituzte gazteak ezagutzen. Bestalde, gazteei asko gustatzen zaie atunconpan musika hori. Nolanahi ere, musika hau abesten duten tipoek, eguzki betaurrekoak, txandala eta zapatila garestiak jantzita, ez dituztela begiztatu erran didate.

Bat-batean, desertu batean aurkitu dut neure burua. Erloju urtuak daude leku guztietatik. Agian, errealitatearen gainetik egongo naiz. Gainera, zerutik bi tigre hegan egiten ikusi ditut. Hala ere, Dalí jaunak, piztietako batean muntatuta zegoela, oihukatu dit bere basamortuan ez direla gazteak bizi. Beraz, pinturaren unibertsotik ateratzea erabaki dut. Bidetik, Avignoneko andereekin topo egin eta galdegin diet, betikoa. Izan ere, zaila izan da, batak aurpegia aldrebes duelako, eta besteak atzera begira.

Azkenean, drogen mundura heldu naiz. Eta batzuk aurkitu ditut. Haietako asko pilula magikoen gainean hegan egiten daude. Kanutoen basoan, baten bat Txanogorritxuren amamarekin erretzen harrapatu dut. Halaber, ezin ditugu ahaztu, marratxo zurien gainean ilargira abiatu direnak.

Gazteek hanka egin dute. Zenbat aldiz hartu dute kanutoa, liburu bat hartu beharrean? Beste lurralde batzuetara ihes egiteko bide erraza aukeratu dute, inguruan dituzten beste giltza guztiak ahaztuz. Hortaz, noiz hartuko dute liburua? Edo, zergatik ez animatu bolaluma hartzera?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.