ZUZENDARIARI

Nork eta noiz erabaki?

2017ko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
Hasi berri dugun 2017 urte honetan, Euskal Herriko ehunetik gora herritan bozkatu ahalko dugu euskal estatu burujabea nahi ote dugun. Ez da erronka makala, gero, Gure Esku Dago-k helburu duena; nonbaitetik hasi behar, inoiz Euskal Herri osoak erabakiko badu.

Txalogarria deritzot GEDen ekimenari, batik bat herri ekimena delako eta, berriro ere, agerian uzten duelako gizartea politikarien aurretik ibili ohi dela. Herriak zer nahi duen aldarrikatu egin behar, inoizkotan agintariek «eman» diezaioten. Gora herria, beraz!

Alabaina, badira bi kontu oso ondo ulertu ez ditudanak; bata, bozkatzeko azpitiko adin-muga, eta, bestea, askotariko data.

Lehenengoari dagokionez, susmagarria dirudi bozkatzeko adina hamasei urteraino jaitsi izanak. Teorian, behintzat, zenbat eta gazteago izan, hainbat eta gogo handiagoa izango dute baiezkoa emateko; izan ere, burujabetza betitik izan baita gazte jendearen xedeetako bat. Zer arriskatu gutxiago izaten da gaztetan, eta, hortaz, boto ausartagoa eman izan da beti adin horretan. Beharbada, horrexegatik esaten da norbanakook iraultzaileagoak garela hogei bat urterekin, eta kontserbadoreagoak, ordea, berrogei bat urtetik gora. Gainera, asmoa baldin bazen Espainiako adin nagusigo ofizialarekin bat ez egitea, berdin-berdin ezar zitekeen hamazazpi edo hemeretziko adin-muga, ezta?

Aurtengo askotariko bozketa-egunei gagozkielarik, berriz, guztiz kontraesankorra deritzot nik. Izan ere, herri oso baten erabakimena aldarrikatzea baldin bada xedea, albait batuen eta, hortaz, egun berean egitea litzateke egokiena, nik uste. Herriz herriko antolaketa eta zuzeneko esku hartzea beharko da, ezbairik gabe, baina helmuga bera dugu herri batean edo bestean bozkatuko dugunok: munduari erakustea euskaldunok nazioa garela eta geure tokia aldarrikatzen dugula munduko mapan. Beraz, bozkatzaile kopuruak batu eta, horrela, kopuru orokorra bikoiztu, laukoiztu edo hainbatetan biderkatuta, ozenago eta sendoago esango genioke munduari Euskal Herria badela, euskaldunok burujabeak garela.

Ez dakit nik, bada, baina susmoa dut honek guztiak seriotasuna eta koherentzia kentzen diola erabakimenaren aldeko herri mugimenduari, eta, urteetako lan neketsuaren ondoren, ez nuke nahi beste herri mugimendu batzuei gertatu bezala (eta ESAIT dut buruan) gertatzea GEDi ere; lehengo asteko partidaren irudi tristeak zer pentsatua eman dit eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.