ZUZENDARIARI

Landazuri kaleko hutsunea

Gasteiz.
2020ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Gasteizko Landazuri kalean badugu liburu denda eder bat Jakintza izenekoa. Txikitatik ezagutu dut liburuak saltzea baino balio askoz handiago duen gune hori, azken 31 urteotan Begoñaren ardurapean egon dena.

Laster, Begoñak literaturan patxadaz murgiltzeko eskaintzen digun toki goxoa galduko dugu, banku baten ohiko kalkuluen ondorioz. Izan ere, banku hori bezalako erakunde batentzat pentsaezina da bere kalkuluetan txertatzea zenbateko ekarpena egiten duen denda batek liburuak saltzearekin batera kultura, aniztasuna eta adiskidetasuna sustatzen duenean.

Aitzitik, bagara asko, Josebe Blancok ere atal honetan adierazi bezala, ekarpen horiek izugarri baloratzen ditugunok. Oraindik ez gara gai edukiko dugun galeraren tamaina irudikatzeko, azkenean desagertuko dena urtetan pilatutako ezagutza espezializatua ere izango baita, transmititu gabe geldituko dena.

Zorionez, Begoñaren ibilbide luzeko engaiamendua gozatu dugu, gozagarria izan baita liburu saltzaileaz gain liburu eta irakurle zaintzailea topatzea Jakintzako atea zeharkatzean. Liburu ezagunen artean etengabe eskaini dizkigu argitaletxe txikien apustu arriskutsuak eta ohiko kalkuluetan sartzen ez direnak, gure ikusmina elikatuz.

Hemendik gutxira zaila egingo zait Landazuri kaletik ibiltzea, Jakintzak utzitako hutsunea Michael Enderen jaun grisek eskuratutako beste leku bat bihurtuko delako. Hala ere, bihotzez eskertzen diot Begoñari horrenbeste hitz, istorio zein liburu eskaini izana Momok bezala jaun grisen atzaparretatik aske jarraitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.