ZUZENDARIARI

Etxetik bueltan

Bilbo.
2020ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Hamar hilabetez nire etxea izango zen hirira heldu nintzen irailean; Krakoviara. Lehenengo egunetan arraro egin zitzaidan bakarrik bizitzea. Klaseko lehenengo eguneko urduritasuna gogoratu dezaket, ikasle atzerritarrak nik janzten nuen aurpegi berdinarekin ikustea. Egunak pasatu ahala jende berria ezagutu nuen. Nire lagunak euskaldunak ziren, oso arin konpondu ginen gure artean. Krakoviako leku ezkutuak deskubritu genituen, eta gero eta jende gehiago ezagutzen hasi ginen. Egun bakoitza ezberdina zen, eta zaila zen errutina bat hartzea.

Lehenengo seihilekoa gainditzea lortu genuen eta beste sei hilabete genituen gure aurretik. Mila bidaiaz hitz egin genuen eta Jordaniara joateko gai izan ginen; ikaragarria izan zen. Bueltatzean, berriz klaseak hasita genituen eta gure ez-errutinara bueltatu ginen. Gainera, lagunak eta familia bisitan etortzekoak ziren hurrengo hilabeteetan. Baina, nork esango zigun mundu osoan zabalduko zen koronabirus gaitzak harrapatuko gintuenik.

Momentura arte gripe antzeko bat hedatzen hasi zela entzun genuen baina ez genuen espero Erasmus egonaldian eraginik izango zuenik. Astebete eta gero, nire lagunetako batzuk Euskadira bueltatzen hasi ziren, eta horrek zalantzan jarri ninduen. Nekez hartu genuen erabakia. Baina zailena Krakoviari eta lagunei agur esan beharko niela onartzea zen. Azkenean lagun batek eta nik alde egin genuen, eta etxera bueltatzea lortu genuen. Oso sentsazio arrotza izan nuen heltzean; nire etxera itzuli berri nintzen, etxetik.

Azken egunotan ere ez da errutinarik egon baina bizimodua Krakoviakoarekiko ezberdina da guztiz. Klaseak online jarraitu behar ditut hemendik aurrera. Orain portatilaren kamera aurrean jartzea da klasera joatea. Noizean behin egongelan sartzen den eguzkitan margotzea gustatzen zait. Poloniako lagunez asko gogoratzen naiz, eta ezin dut saihestu oroimina sentitzea haiekin izandako momentuetan pentsatzean edo biziko genituen esperientziak bihozmin pixka batekin irudikatzea. Normalean erabiltzen ez nuen gela batean irakurtzea gustatzen zait orain, leku berri bat deskubritu izan banu bezala da.

Duela egun batzuk konfinamendua beste bi aste gehiagoz luzatuko dela erabaki dute. Arduratsuak izango gara hartu behar diren neurriekin, eta etxean geratuko gara. Ez guregatik, besteengatik baizik. Ez-errutina honetara ohitu beharko naiz. Egun bakoitza ezberdina izango da. Gaur, atzokoa baino gogorragoa; baina biharkoa, gaurkoa baino politagoa. Azken finean, etxetik etorrita, etxean nago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.