ZUZENDARIARI

Eskoriatza-Kuatruena bidegorria

Eskoriatza
2021eko irailaren 28a
00:00
Entzun
Eskoriatzako herrigunea eta Kuatrueneko etxeak lotzen dituen bidegorriaren ohiko erabiltzailea naiz. Hori dela eta, Mazmelako bidegurutzetik Kuatruenera doan bidegorri zatiarekin lotutako bi konturen gainean jarri nahi dut arreta.

Lehenengo kasuan, ibiltarientzako eremu arriskutsu bat dago. Errepidetik sartzeko aldapak malda handia du eta bidegorrian sartzen da, metro erdi inguru. Bidearen ertzetik bazoaz, desorekatu eta erortzeko arriskua handia da.

Bestalde, oso ondo legoke banku batzuk jartzea. Bereziki bidegorriaren erabiltzaile zaharrenek eskertuko lukete. Eta ez lioke Eskoriatzako Udalari inolako arazorik sortu behar, ez gehiegizko gastuarena, ez itxitura beharrezkoa den lekuan atzeratzeko ere. Portzierto, batzuek bidegorriaren ertzeraino aurreratu berri dute itxitura. Ildo horretan, honakoa kontuan izan behar da:

- Gipuzkoako Errepideen eta Bideen Foru Arauak ezartzen duenez, edozein itxitura gutxienez bide baten ertzetik metro batera egin behar da.

- Eskoriatzako Udalak trenbidearen lurrak erosi zituenean, bost metroko zabalera erosi zuen, bidegorriak egun hartzen duena baino dezente gehiago. Nik egin dudan bezala, erosketa eskritura irakurtzen duen edonork egiazta dezake aipatutakoa.

Horiek horrela, egindako bi eskaerekin ados dauden herritarrak, batik bat bidegorriaren ohiko erabiltzaileak, animatu nahi ditut nik egin bezala Eskoriatzako Udalari aipatutako eskaera helaraztera. Izan ere, zenbat eta gehiago izan eskaera egiten dugunok, errazagoa izango da eskatutakoa lortzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.