ZUZENDARIARI

Eskolak, soilik goizez

Santurtzi
2021eko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Aspaldiko kontua da Araba, Bizkai eta Gipuzkoako irakasleriaren zati handi bat jardunaldi osoa goizez lan egitearen alde dagoela. Izan ere, goizeko ordutegia daukate EAEtik kanpo hainbat lurraldetan; bai espainiar estatuan, bai Europan, eta baita Euskal Herrian bertan ere, Nafarroan hain zuzen ikasturte honetan eta hurrengoan, behintzat.

Ikasturte honetan, pandemia dela-eta, goizez bakarrik izan dira eskolak EAEko Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan. Datorren ikasturtean, berriz, COVID-19aren pandemia gaindituta-edo, antzinako erara itzuliko dira; hots, atzerapausoa egingo dute EAEko agintariek.

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilariak, ordea, «osasun agintariei horrela izan behar duela irizten zaien artean» eskolan goizeko jardunaldiarekin jarraituko dutela esan du. Hala ere, urrian zein urtarrilean, ordutegi aldaketari atea irekita utzi dio; nahiz eta aldaketa horiek hezkuntza komunitate osoa zorabiatu egiten duten.

Eusko Jaurlaritzak goiz eta arratsaldeko ordutegia ez aldatzeko eman duen argudioa izan da mingarriena: «arrazoi pedagogikoak».

Nafarroan, osasuna zaintzeko, eskolak goizez izango dira; EAEn, berriz, «pedagogia» zaintzeko, goizez eta arratsaldez. Hori bai, amaitzear dagoen ikasturtean ikastetxeetan hartu diren prebentzio neurri berberak hartuta.

Hauxe da benetan gertatzen dena: EAEn ez da goizeko jardunaldia ezartzen horren aurkako bestelako asmoak daudelako. Pedagogiaren argudioak ez du baliorik. Irakaskuntzan aritzen garenok, izan ere, oso ondo dakigu ikasleek arratsaldeko eskola-saioetan, bazkalostean, ez dutela goizeko saioetan duten errendimendua. Horren sinplea da.

Batzuek esango dute irakasleok goizez bakarrik lan egin gura dugula hobeto bizitzeko. Eta hala izango balitz, ez al da zilegi arratsaldea libre eduki gura izatea? Neuk baietz uste dut; zuzena da, eta are gehiago, bide batez, ikaskuntza eraginkorragoa horrela lortzen bada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.