ZUZENDARIARI

Bizinahi hutsa

Deustuko Erriberako auzokidea.
2018ko otsailaren 14a
00:00
Entzun
Mozorro-festa auzoan, Inauterietan eta urte osoan. Zorrotzaurre omen da etorkizun, eta iraganeko zomorro Deustuko Erribera. Erriberatarrak ere zomorro, noski, zomorro esker txarreko eta gogaikarriak, gainera. Hala diote, zentzu handiz, planifikatzaile txit ahalguztidunek; izan ere, ia 15 urte badira SuperPlanaren maketa hura aurkeztu zigutenetik, eta hortxe gabiltza hala ere nekaezin, irri eta ziri: zizt! «Asmo zuri adreilu gorri!»... eta zizt! «Epe epelak eta uste ustelak!»... zizt! «Bilbok behar duen ginda? Zorrotzaurre Zorro-fraude!»... Zizt!

Dena dela, Bilbok merezi ei zuen ginda hori honezkero usteltzen hasia den arren, diru-goseak maldak zelaitzen ditu eta planifikatzaileak ere ez daude geldi. Koloretako erakusleiho bihurtu dute auzoa, domeketan parke tematiko, betiereko propagandaren mesedetan. Promozio-lanek eta diru-laguntzen ukendu eztiak zomorro modernoago eta koloretsuagoak erakarri dituzte, Sormenaren Irla 4.0, eta badaezpada, aldian-aldian enegarren hirigintza-asmo politikoki polita salduko diete bilbotar ameslari guztiei. Mozorro perfektua.

Egia esan, erriberatarrok Inauterizaleak gara oso, bada, «bien bitartean», alegia, nork berea seguru samar duen artean, auzoa modan eta bertan goxo, ezta? Larri ibili, baina! Aratusteok badute alde ilunik: paisaia desolatuan isolatuta, hormaz eta latazko hesiz bete zaizkigu bazterrak, adreiluaren txin- txina bainoago hondeamakinen zarata dugu soinu-banda, ogia erostera ere Deusturako bidea egin behar... Eta, gainera, horri guztiari azken urteotako suntsiketa subrogatua gehitu behar: lantegiak ixteak eta utzikeria planifikatu sistematikoak eraikin abandonatuen arpilatzea ekarri du, eta horrek txikizioa eta bestelako hainbat arazo. Horrela, gure muturren aurrean auzoa itxuraldatzen eta desegiten ari zaizkigu. Eta ezer ez da kasualitate hutsez gertatzen.

Azkena, Vicinay Cadenas enpresak auzoa utzi behar izan duenekoa. Eraikin itzela hutsik eta utzita: aurreikusia omen haren berrerabilera, ikusteko zein egoeratan geratuko den laster. Bestalde, auzoko elkarteek aspaldi salatu zuten lokal gabezia, baina ez entzun egin zaie behin eta berriro. Ez dago zomorro-komunitate honentzat erabilera anitzeko lokalik pabiloi abandonatuen erreinuan.

Errealitatea egoskorra da, baina geu ere ez gara makalak. Begi-bistakoa den mozorro hori salatu nahi dugu, eta eskatu, arren, herri-zerbitzari filantropo agurgarriei utz diezagutela zomorrooi geurea egiten, bizitzen alegia.

Erriberak BIZINAHI du!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.