ZUZENDARIARI

Bide publikoentzat herritarren babesa

Eskoriatza
2021eko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Aramaioko herritar batek bide publiko baten salmentaren inguruan egindako salaketaren berri izan dut maiatzaren 7ko Goiena-n. Kasuaren xehetasunak ez ditut zehatz-mehatz ezagutzen, baina salatutakoa guztiz sinesgarria dela zalantzarik ez dut, ukaezina baita bide publiko baten inguruan hitz egiten ari garela. Horregatik, uste dut salaketa egin duen herritarrak guztion laguntza eta aitortza merezi dituela ondare publiko bat babesteagatik.

Tamalez, salatutakoa ez da ezohiko kasua, gure eskualdean bertan antzeko egoerak eman baitira beste herri batzuetan ere. Gipuzkoan, Euskal Herri osoan eta Euskal Herritik kanpo ere antzeko kasuak nonahi gertatzen dira. Horrelako egoerak gutxi batzuen berekoikeriaren, beste askoren utzikeriaren eta hainbat eta hainbat udalen jokabidearen ondorio dira. Izan ere, udal askok bide publikoak arazo gisa ikusten dituzte, ez babestu beharreko ondare gisa. Hori dela eta, erabilera publikoko ondasunak babesteko legez dagokien betebeharrari uko egiten diote udal askok, ezin baita ahaztu bide publikoak herri ondarearen parte direla.

Orain dela mende eskas bat, Goiena-n salatutakoaren moduko gertaera bat guztiz ezinezkoa izango zatekeen gurean, Aramaioko herritarren erabateko arbuioa sortuko baitzuen, 1930. urtearen inguruan Eskoriatzan geratu zen bezala. Bideak gure historiaren parte dira, iraganaren lekukotasun bizia, baina etorkizuna era badute.

Baina bideak gal daitezen uzten badugu, norbanakoei inolako oztoporik gabe bide publikoen jabe egiten uzten badiegu, bideekin gure begien aurrean egunero-egunero gertatzen ari dena salatzen ez badugu, nola erakutsiko diegu gazteei gure historiaren parte hori? Nola egin behar dituzte euren jarduerak landa eremuan suhiltzaileek, mendizaleek, kirolariek, ehiztariek... bide publikorik gabe? Zer oztopo aurkituko dituzte landa eremuan edozein jarduera egin nahi duten herritarrek?

Hori dela eta, eskualdeko herritarrei oro har eta bereziki mendi taldeei, landa eremuan kirol jarduerak edo kultur ekintzak antolatzen dituztenei, ikastetxeei, komunikabideei, talde ekologistei... bide publiko baten defentsan ari diren Aramaioko herritarrei babesa eta aitortza adieraztea eskatzen diet, etsi gabe lanean jarrai dezaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.