Zuzendariari

Bi alarde nola bateratu?

2012ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Mutikoari abanikoa gustatzen zaio, eta neskari, danborra jotzea; edo alderantziz, beharbada; edo erabat bestelako gauzak, neskari futbolean jolastea, eta mutilari baleta dantzatzea.

Horrek piztu dit arreta Irungo San Martzialetako alardean: aizkolariz jantzitako mutikoa abanikoarekin agurtzen eta kantineraz beztitutako neskatikoa, danborra jotzen.

Duela hamasei urte, emakume batzuek barnetik bizitu nahi zuten Irungo jaietako egun handia, kantinera izan gabe, eta erabaki zuten eskopeta harturik alardean parte hartzea; baina ez zieten utzi, iskanbila eta borroka artean. Jai tristeak izan ziren 1996 hartakoak.

Nik bi alardeetako jendea txalotu dut, eta miretsi. Ez dut alarderik barnetik bizi, baina kanpotik, begi kliska berezi bat jaso nuen mutil batengandik alarde parekidetik, eta maitemindu, irribarre lotsati bat piztu zidan itxaropen ahulez, baina ez dut ilusio faltsurik egin nahi berriro.

Nik ez dut ulertzen zertarako orain bi alarde Irunen, eta ene bihotzak ez du ulertzen muturreko jarrerarik. Era berean, ez dut ulertzen nolatan adiskidetasun inkondizional bati kondizioak jar diezazkiokeen adiskideetako batek, eta besteak umil-umil onartu. Baina nik nire lagun on poeta bategatik dena eman nuen, eta amore eman dut nirean. Alarde batekoek nahiz bestekoek amore eman beharko lukete hurbilpen baten mesedetan, herria bildu dadin. Gerra galdu edo irabazi, inporta duena da bukatzea. Horregatik, maitasunagatik, bota ditzagun muturreko jarrerak eta hurbil gaitezen irundarrok. Hori da ene ametsa, hori ene utopia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.