San Martzial jaiak nire herriko besta sainduak dira, Irungoak, baina bi alarde txapelgorridun horiek nekaturik naukate. Tradiziozko bilakatu da bi alarde egotea Irunen, eta hirugarren aukeraren aldekorik ez ote dago? Hirugarren aukera litzateke antimilitaristena eta euskaldunona. Hirugarren aukera litzateke mendetako gerrak eta galerak gibelean uztea, eta martxa militarrei garrantzia kendurik, bestaz gozatzea, bizitzea.
Alardearekin (edo alardeekin) Nafarroako Erresumaren galera ospatzen ari gara, eta, galera horrekin batera, Euskal Estatu Independente bat eratzearen aukera historiko bakarra galdu genuen. 1522tik aitzina, euskaldunon eskubideen etengabeko galera bat besterik ez da egon, eta, beraz, ez dugu ezer ospatzekorik. Frantses gudarostearen porrotarekin, Nafarroako erregeak ere bere koroa galdu zuen, eta errege gaztelarra jarri zen euskaldun guztion gainetik.
Horregatik, sanmartzialetako tradizio saindua serioski hartzen badugu, ez dut alarderik nahi. Hirugarren aukerarekin bat egin nahi dut. Feminista banaiz ere, lehenago euskalduna naiz, eta, historiari begiratuta, euskaldunok ez dugu ezer ospatzekorik; San Martzialeko guda hartan euskaldunok galdu genuela oroitu behar da.
Hirugarren aukera horri heldu nahiko nioke: tradizioa serioski hartu gabe, alardea irundar guztion besta baten gisa har dezakegu, eta ez «frantsesen aurkako garaipen» gisa, hori ez baita horrela, ez zen garaipen bat izan euskaldunontzat. Gora San Pedro eta San Martzial!
Zuzendariari
Aukeran, ez dut Alarderik nahi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu