Aurrekoan, tipo batekin eztabaidan, utopia izan genuen hizpide. Nazkatzen naute utopia «ezinezkoaren»sinonimoa balitz erabiltzen dutenean, eta arrazoia kentzeko argudioa bezala botatzen dutenean. Utopia, berez, «tokirik ez» esan nahiko luke. 1516. urtean, Tomas Morok bere liburu famatuan, irla bati eman zion izen hori, Utopia. Inon ez zegoen irla bat asmatu zuen, sistema sozial eta politiko berri bat proposatzeko. Morok jabetza pribatua kritikatzen zuen, eta jabegorik gabeko gizarte baketsu bat proposatu zuen. Utopia irla erabili zuen eredu berri bat definitzeko, inon ez zegoen sistema bat imajinatu egin zuen, eta fikzioa erabili zuen sistema hori ikusarazteko. Hau da: beste sistema batzuk posible direla aldarrikatu zuen.
Historiak eman dizkigun gauza on asko utopiari zor dizkiogu, beste eredu batzuk imajinatzeko dugun ahalmenari. Progre mozorroa janzten duten kontserbatzaile askok utopia hitza egungo sistemarekin kritikoak garen pertsonei kontra egiteko erabiltzen dute. Horien ustez, gauzak aldatzea ezinezkoa da, daukagunarekin jasan egin behar dugu. Immobilistak.
Aldiz, distopiak ez ditu hainbeste arazo sortzen, eta lasai asko hedatzen ari da. Zer da distopia bat? Utopiaren antonimoa, ideala ez den gizarte eredu bat. Beldurgarria den gizarte sistema bat, hori da distopia. Fikzioan asko erabiltzen dira, idealaren kontrako ereduak aurkezteko, gizarte okerrak erakusteko. Oso gutxitan erabiltzen dugu distopia hitza, baina sarritan agertzen da zineman eta literaturan. Askotan, distopietan proposatzen diren astakeriak egia bilakatzen dira gure errealitateetan. Oso gutxitan salatzen dira horrelako gertakariak, jende askok onartu duelako distopiak posibleak direla, baina utopiak ez, hau da, gizarte eta sitema berdinzaleak eta komunalak pentsatzen ditugunean, ezinezkoak dira.Baina gizarte militarrak eta monarkikoak, horiek bai, horiek posible dira.
Larrepetit
Utopia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu