Hur Gorostiaga.
Larrepetit

Urtebete, lau urte, egun bat

2012ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Igande honetan urtea beteko da ETAk behin betiko armak isiltzea erabaki zuenetik. Geroztik ezagutu dugun lurrikara politikoak ez du oraino bere azkena errana. Autonomia Erkidegoan igandeko hauteskundeek bigarren hatsa emanen diote abiatu aro politiko berriari, abertzaleen berpizkundearekin eta alderdi espainolisten gainbeherekin. Urrats bat gehiago normalizazioari buruz.

Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoan, berriz, lurralde elkargo baten aldeko marea geldiezina bizi dugu. Nafarroa besterik ez da falta, nahiz eta hori ere helduko den, pitzadurak agirian baitira jadanik.

Mugitu ez dena presoen gaia izan da. Arlo horretan, urte bat galdu dela erran liteke. 52 asteburu, zauria handitu besterik egin ez dutena. Gasteizko gobernu berriak bere esku hartu beharko du gaia, lehenbailehen mugiarazteko. Esperantza elikatzen den kriseilua baita, pizturik egon dadin eta bidea argitu dezan.

Igande honetan jalgiko den lehendakariak bake esperantza hori gauzatzea izanen du betebehar. Gisa berean, kanpainan etengabe PSOE eta PPk erregutu duten gisan, independentziari buruzko urratsak finkatu beharko ditu ere lau urte horietan. Gasteiztik so, baina Euskal Herri osoa begira duela.

Krisi ekonomiko eta politikoaren aitzinean, herri honek behar duen kontratu sozial eta politikoa eztabaidatu, adostu eta egikaritzeko lau urte izanen dira. Lau urte ere, gure hizkuntzak merezi duen politika berri bat martxan ezartzeko.

Bizkitartean, Paris eta Madril ahal bezain guti higitu dira. Eta mugitu direlarik, ez da zentzu onean izan. Baina beste arlo guzietan bezala, egunerokoak ditu gauzak mugiaraziko.

Goazen, bada, aitzina, urratsez urrats eta Oinez, igandean, Euskal Herri osotik Zizurrera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.