Unai Iturriaga.
Larrepetit

Urik balego...

2012ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Gogoan dut, orain ez hainbeste urte, artean madriletan Ansar ttikia gailen zela, gorriak eta beltzak ikusi genituela parajeotan. Ez da orain maná-jario daragoiola zeruak baina orduan egurra zerion egun batean bai, eta hurrengoan ere bai. Zurito batek bestea zelan dakarren, halan suertatzen ginen inoiz egoeraren erradiografiagile zorrotzen baten bueltan: «Egurrean ari badira bide onean goazen seinale». Halakoak entzutera egin ginela belarridunak izaki. Zumaian ikasitako esaera akordura niri: Urik balego ardoa edango. Urik ez eta ura edan behar. Porturako sarrera eskasa nonbait, eta ur nahikorik ezean zain egon beharra suertatu arrantzaleei. Sotoko ardoak ahituta, ostatura iritsi ezin… Ura edan behar.

Harrezkero, egurra eta euria, bietatik egin du eta dagi. Gaur- gaurkoz ez dirudi madriletanerromeriarako gogo handirik dagoenik; are gehiago, jazzbana eta instrumentuak oro entregatu artean ezin izango ei da musikarik jo.Sortu agian bai, baina jo, ez antza.

Parisen, berriz, Vallsek esan du madriletan diotena dioela berak ere, ez dela argien hirira sardana irakastera joan. Domaia, uste baikenuen Hollande Azken Perediküa ikastera joana zela pastoralera eta Joxe ez zela gero Antiguan pote bat hartzeko igo Aietera. Hauteskunde kanpainan Espainiatik urruntzeko egin dituzten ahaleginak ikusita, ia sinistuta nengoen Pirinioen lerroa husteko gertu zeudela badaezpadako neurri legez. Halako pagotxarik ez, ordea.

Edozelan ere, ez gaude atzo baino okerrago, eta pentsa liteke hainbeste olaturen ostean ur gehixeago dagoela portu sarreran. Ni baino itsasturi trebeagoak beharko dira ontzian baina, soinujole batek zioen moduan, hainbeste listorekin tonto falta ere izango denez, zereginik ez da faltako. Fundamentuzko kapitain-pilotuen premia da orain dagoena, tripulazioari entzuten dakitenena, ortzimuga ez, portua delako helburua. Nik ardoa edan nahi dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.