Idoia Etxeberria.
Larrepetit

Minigona

2012ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Gure amari gertatu zitzaion, gaztetan. Minigonak modan jarri berriak ziren. Autobusera igo zen. Soineko motza, izterrak agerian. Eta gidariak: «Zure ama tela barik geratu da, ala?». Egun hartan bertan, andre batek cochina deitu zion, eta txistua bota zuen lurrera.

Antzeko begirazuna jartzen zion amaginarrebak ere, handik urte batzuetara. Ni umea nintzen, baina gogoan dut amama gure amari gonatik tiraka. Luzatzeko. Oso motza zela hura, Jesus Maria! Ez zion esaten fulana ematen zuela. Baina ia-ia. Eta oraingoen aldean gona luzea zen hura.

Euskaldun fededun tipikoa zen amama. Berak ikasitakoa esplikatzen zigun: ukalondoak eta belaunburuak estalita eraman behar zirela beti. Gutxienez bi behatz, belaun azpitik. Paparrean, berriz, bi behatz baino gehiago ez agerian. Apaizak esana, amen.

Gauzak asko aldatu dira ordutik. Gehiegi. Ala ez, denak berdin jarraitzen du?

Txinako atrakzio parke batean, Guilin herrian, eskaintza berezia egin dute uda honetan. Sarrera erdi prezioan, 38 zentimetro baino gutxiagoko minigonak daramatzaten neskentzat. Haragia amu, mutilak erakartzeko. Gizonezkoak dira promozio hain abangoardista asmatu dutenak, nola ez. Ez da berria: diskoteketan beti egin izan dute. Neskek sarrera debalde. Eta gu pozik. Mueve tu pechito, taca ta.

Soka beraren beste muturra: judu ultradoxoen azken asmakuntza. Era ezegokian jantzitako emakumeak ez ikusteko betaurrekoak. Jerusalemgo Mea Sharim auzoan daude salgai. Sei dolarren truke, emakume eskotedunak ikus-eremutik kanpo uzten dituzten betaurrekoak. Emakumeak eta beste dena. Izan ere, gertukoa soilik ikusten da. Baina kontuan izanda auzo horretan gizonak eta emakumeak ezin direla espaloi berean ibili ba...

Igual autobusen batek harrapatuko ditu, tentaziotik ihesi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.