Larrepetit

Lurralde instituzio bat

Hur Gorostiaga.
2011ko irailaren 2a
00:00
Entzun
Diputazioen etorkizuna zalantzan ezarririk Espainian eta antolaketa instituzionalean egiten ari diren aldaketek Frantzian, eragin zuzena izan dute Euskal Herrian.

Gure eskualdeari dagokionez, berez ez da gauza txarra Baiona, Angelu, Miarritze, Bokale eta Bidartek osatzen duten ACBA herri elkargo edo mankomunitatean Seignanxeko landestar 8 herriak sartzea. Hainbat lapurtar joaten da Tarnoseko industriguneetara lan egitera, eta zenbat Ondreseko biztanle ez ote dira egun guztiz Lapurdirat heldu, lan egin edo festara. Baionako portua Aturri ibaiaren bi aldeetara bizi da.

Lixoze 129 biztanleko biarnes herria Zuberoako herri elkargoan sartzea ere, ez da berez gauza txarra, Lixoze hurbilago baitago Mauletik, Salbaterra edo Nabarrengoxe herri biarnesetatik baino.

Euskal Herriko mugak ezin dira hermetikoak izan eta normala da herriarteko harremanak errazteko, auzo herriekin egituretan aritzea. Pentsatzen dut Bilbo aldeko herriek izanen dituztela harremanak Castro aldeko kantabriar herriekin edo Cortesekoek herri aragoarrekin.

Arazoa bestelakoa da. Ipar Euskal Herria instituzionalki ez da existitzen. Beraz ditugun gutxieneko egiturek, herri eta herriarteko egiturek garrantzia berezia dute gure lurraldearen ezagupenean, eta bere izaera eta kulturaren bermerako.

Zuberotar egituretan biarnesak sartuz, ACBAn landesak sartuz, ditugun egitura bakarrak desitxuratzen ari gara, euskal izaera ukan dezaketen egitura bakarrak are gehiago diluitzen ari gara.

Presaka eta datu ekonomiko eta sozialik gabe erabaki beharraz gain, Baionak interesa izan dezake, bere hegalpean ondoko herriak hartuz zentralitatea eskuratzeko. Angeluko udal sozialistak landestarren ezkertiar koloreei begiratzen die, euskal kostaldean eskuina nagusi baita. Baina Ipar Euskal Herriak egitura instituzional sendorik ez dueno, ez dezakegu halako arriskurik har.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.