Larrepetit

Lehenengo asteurrena

2011ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Ia ospakizunik gabe joan zitzaigun urriaren 20a. Batzuek etxekoekin egin genuen gurea, bakearen, justiziaren eta askatasunaren alde topa eginez. Malkoak isuri genituen bakardadean, beste batzuek ere, hunkituta, bakardadean negar egiten zuten bitartean. Maite ditugunak izan genituen gogoan: egun zoragarri hori ezagutu gabe joan zirenak; ume direnez gero, ETArik gabe gazte egingo direnak; ETAk hildakoak; haien senideak; Espainiako kartzeletan daudenak; haien familiak; orain kanpoan egon arren, bizitza erdia espetxean pasa dutenak; erbestean daudenak; gerra zibilean hil ziren aitonak eta amonak eta osabak eta izebak... denak pilatu zitzaizkigun egun horretan bihotzean. Baina ez ginen kalera atera etxafuegoak botatzera.

Ia ospakizunik gabe joan da aro berriaren lehenengo astea. Zamaren arintzea sumatu dugu berri ona jakin genuen unetik. Baina datorkigunak arduratzen gaitu. Gauza asko dago jokoan. Ze bake mota litzateke injustiziaz egindakoa? Ze bake mota gorrotoan itota bizitzea? Ze bake mota askatasunik gabekoa?

Ahalegin handia egin beharko dugu urratuta dauden harremanak konpontzeko. Memorian igeri egin beharko dugu egiazko kontakizuna eraikitzeko eta besteek zintzotasunez sortzen duten kontakizunean egiaren puska bat bilatzeko.

Energia handia beharko dugu beharrezko urratsak irmo egiteko. Lehengo eskemak bazterrean utziz eta jokatzeko moduak berrituz. Askatasunerantz joateko bideak aldatzen baditugu, ez diete orain arteko armek balioko aurkariei. Indar guztia jarri behar dugu xede horretan; asmatzaile bilakatu.

Urte asko egin ditugu «nire aitaren etxea» defenditzen, «otsoen kontra, sikatearen kontra, lukurreriaren kontra...».

Zer moduz, orain, «gure amaren etxea» berreraikitzen badugu? Lehengo harrizko zutabe sendoen gainean egingo dugu. Bertan denok izango dugu tokia. Eta iritsiko zaigu suziriekin ospatzeko eguna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.