Kanon hitza hiztegian begiratzean, arau edo erregela gisa definitzen da. Irakurtzen jarraitzen badugu, horrelako zerbait aurkituko dugu: ezaugarri perfektuez osatzen den eredua. Susmagarria iruditzen zait, arau forma duen zerbaitek perfektua eta eredugarria izatea. Alegia, arau bat inposatzerakoan, oso baliagarria delako perfektu eta eredugarri gisa definitzea.
Horri buruz luze mintzatu gara, asteburu honetan Bilbon izan den «Ikuspegi feministak produkzio artistikoetan eta artearen teorietan» ikastaroaren lehenengo jardunaldian. Lourdez Mendez eta Xabier Arakistainek antolatu dute ikastaroa, eta eskertzekoa da hainbeste emakume interesgarri ekartzeko egin duten lan guztia. Nik, bereziki, The Guerrilla Girls entzuteko aukera izatea eskertzen dut. Aktibismo artistikoan oinarritzen den arte talde feminista horrek oso ondo erakutsi du noraino den matxista, klasista eta arrazista artearen mundua.
The Gerrilla Girls-ek, gorila mozorroak jartzen dituzte, taldean egiten dute lan eta bakoitzak hildako emakume artista baten izena hartzen du. Famatuak egin ziren 80ko hamarkadan atera zituzten poster erraldoiak. Honelako mezuak plazaratzen zituzten: «Biluzik egon behar al du emakume batek Metropolitam Museum-en egoteko? Arte Modernoaren sekzioan dauden lanetatik soilik %3 dira emakumeek sortuak. Aldiz, agertzen diren biluzien %83 emakumezkoenak dira». Gerrilla Girls-eko Frida Kahlo-ri bere lana politikoa ala artistikoa zen galdetu ziotenean, «ez zait inporta» bota zuen. Ez zitzaion batere inporta artearen kanon horretan sartzen zen ala ez. Artea espresio nahi batekin lotu zuen, gauzak adierazteko behar batekin.
Interesgarriagoa iruditzen zait egungo kanon, eredu eta arauen tranpa guztiak ondo aztertzea, beste berri batzuk azkar sortu baino lehen. Azken finean, diskriminazio sakon bat sortzen da perfekzioa definitzean, perfektuak ez direnak kanpoan gelditzen direlako.
Larrepetit
Kanon
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu