Don’t disturb karteltxoa eskegi dute atearen heldulekuan. Telebistako fotograma iheskor bat izan da. Batzuetan piztu egiten dut (telebista) isiltasuna apur dezan. Irratiak eta musikak erne jartzen naute; adi entzuten ditut bertatik ateratzen direnak, baina telebistak balio dit deskonektatzeko. Bagoitik irteterakoan gogoratu naiz fotogramarekin. Ateratzerakoan zulo sakonean gaudela nabarmen uzten digute eskailera infinituek. Don’t disturb, diote hizki handiek. Ez molestatu. No molestar. Nork ez ditu entzun era ez-erromantikoan albokoek entzuten dituzten txatxu bideo zaratatsuak?
Jendea deseroso dago/gaude bestearen zaratan. Ez ditut ez zure bideoak ez zure solasa entzun nahi. Nik aspaldi erabaki nuen garraio publikoan ez nuela sakelakorik aterako. Bakarra ei naiz. Sartzen naizen bus/tranbia/metrotan gorputzez inguratuta egon zaitezke, baina ez daude han, begiak sarean sartuak dituzte. Eta gero lehengoan geltokian pasatu zitzaidana dago. Mutil gazte bi izan ziren. Lehenengo bat, eta gero bestea. Geralekuan zain, alboan jesarri ziren. Norbaitek bidalitako ahots mezuari play eman zioten baina abiadura bizituz. Donald ahatearen ondoan sentitu nintzen orduan. Minutu bat hogei segundotan. Eta, hala ere, nekeza egin zitzaion bati hogei segundoen ostean bota zuen bufaka ondo ulertu banuen. Don’t disturb-ekin gogoratu nintzen, niri neuri behintzat, oso kontrajarriak iruditzen zaizkidalako. Bidenabar Atlas kometarekin gogoratu naiz edota goizaldeen gozamenarekin; kontenplatze hutsek zenbat betetzen nauten. Mutur batetik besterakoan nabilela begitandu zait une batez, eta neure buruari esan diot: zer izango da hurrengoa, alabatxi, japoniarren literatura irakurtzea?