Edozein ohar txiki nahikoa da jabetzeko. Adibidetarako: iritsi zara zure lantokira eta oharra daukazu zain halakok deitu dizula jakinarazteko. Hiru hitz baino gehiago ez. Eta hala ere, segituan antzemango duzu nork utzitakoa den. Eta ez letragatik bakarrik. Oharra izan liteke hotza: literalki, «halakok deitu dizu». Horiek dira identifikatzen zailenak. Izan liteke hitz gutxiagoz, agintzailea: «deitu halakori!». Edo hitz kopuru berberez, proposatzailea: «deituko halakori?». Oharra utzi duenak erants dezake beretik: «halakok deitu dizu; urduri xamar sumatu dut» edo «deitu lehenbailehen halakori; presaka zebilen». Edo informazio gehiagoren jabe dela erakutsi: «komeni zaizu halakori deitzea». Eta hori guztia, deitu duenak hizkuntza berean deitu badu eta hitzekin jolas egiteko edo lerro artekoren bat jakinarazteko batere intentziorik gabe. Alegia, ariketak askoz ere luzeragoko emango lukeela deitzailea beste hizkuntza batean arituz gero: «halakok deitu dizu eta etortzen zarenean deitzeko esan du» bihur liteke «halakok hots egin du eta atea zeharkatzearekin batera, beste ezertan hasi baino lehen, deitzeko agindu du».
Oharra nork idatzia den erabakigarria izan liteke zure lanpostura iritsi eta egingo duzun lehendabiziko gauza telefonoz hots egitea izateko, edo lanorduei aurrera egiten uzteko, berriz deituko duen segurantziaz. Erabakigarria izan liteke gogo onez deitzeko edo beste erremediorik ez dagoelako deitzeko. Baina edozein eratara, erabakigarria.
Hotzikarak sartzen zaizkit oharraren tokian eleberria irudikatuta. Hiru hitzeko post-itek adina aldaera izan ditzakete. Oharra idatzi duena da egunerokotasunean nire itzultzaile. Ikaragarria ardura beste batzuek idatzitakoa gurera ekartzeko ahalegina egiten dutenena. Ikaragarria lana. Zorionak jartzen duen post-it bat utziko nieke. Ez. «Eskerrik asko».
Larrepetit
Itzultzaileak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu