Hur Gorostiaga.
Larrepetit

Hirugarrenez

2012ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Beste behin ere, Lapurdin, Baxenabarren eta Zuberoan bizi diren Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako hainbat lagun bozkatzeko eskubiderik gabe geldituko da heldu den urriaren 21eko Euskal Autonomia Erkidegoko bozetan.

Joan den urtean egin lege aldaketa dela medio, Hegoaldeko herriko bozetan eta Espainiako legebiltzarrerako bozetan, ez zituzten beharrezko paperak jaso etxean. Ohartu orduko, epeak iraungiak ziren. Aldi honetan, halako zerbait gertatzen ari da berriz ere.

Hauteskunde erroldaz arduratzen diren bulegoetan aitzakia erraza dute, «Hendaiako postako disfuntzioak» aipatzen baitituzte delako pettoakjustifikatzeko. Baina gutun horiek ez dira sekula heldu etxeetara, eta hauteskunde bulegoetara ere ez dira itzuli. Beraz, argi da ez direla bidaliak izan ere. Behin bai. Bitan ados. Baina hirugarrenean...

Atzerrian bizi diren hautagaiak inposatu ondoren, Lizartzan egin zuten bezala, jakin badakigu PPko gobernuak hautesle berriak asmatu nahi dituela hauteskunde zerrendetan 200.000 ustezko biktima gehitzeko. Gehitzearekin aski ez nonbait, hauteskunde erroldan daudenak kendu nahi ote dituzten da kezka iturri orain.

Jadanik berantegi izan daiteke, baina bozkatzeko eskaera orria etxean ukan ez duenak eta bozkatu nahi duenak Baionako espainiar kontsulatura deitzea du hoberena. Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo bizi den boz-emaile gisa bozkatzeko eskubidea izateko berantegi bada ere, gutienez posta bidez edo egunean berean bozkatzeko aukera zabalik ote dagoen aztertu beharra dago, berantegi izan baino lehen eta aukera oro itxi aitzin.

Futbol partida hastear da. Parean hamaika baino gehiago izan nahi dute, eta abisatu gabe errugbiko baloia sartu nahi dute zelaian. Legezaina berek hautatzen dute, eta marrak mugikorrak dira, beti haien alde. Baina, hala ere, ez izan dudarik, gol festa izanen dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.