Josebe Iturrioz.
Larrepetit

Hipokritak

2012ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Egungo egoera orokorrari buruz pentsatzen hasi naiz, eta burura etorri zaidan lehenengo hitza hipokrisia izan da. Edozein gai hartuta, hipokresiaren bitartez azaldu genezake. Moral bikoitzeko gizarte honetan, dena da itxurakeria, esaten denaren kontrakoa egiten da, eta egia esan, nazkatzen hasia naiz. Nazkatu naiz politikarien erritualez, haien gezurrez; nazkatu naiz Espainiaz eta bere fatxerioz; nazkatu naiz alardeez eta gizarte sexista honetaz; nazka, nazka eginda nago.

Hauteskundeak direla medio, orain ikusiko ditugu berriro ere politikariak, merkatuan beren egitarauak saltzen. Gezurren eta egien arteko oreka neurtzen, orain esaten dutenaren eta gero egingo dutenaren koherentzia azpimarratu nahian,denok jakin arren gero nahi dutena egingo dutela.

Orain Katalunian Diada izan dela eta, gai mamitsua daukagu mahai gainean. Alegia, estatuak birpentsatzeko, eta gure herrien antolaketa modu berri bat eratzeko aukera. Baina, gure agintariak izan nahi duten batzuek ezinezkoa dela diote, eta independentzia oztopatzen duten araudi, estatu, gobernu, Europako Batasun eta ez dakit zenbat mila aitzakia gehiago bota dituzte.

Gehien nazkatzen nauena baimen eske ibiltzea da. Hau da, egungo sistema politikoak eta ekonomikoak ez digu inoiz baimena emango beste gizarte eredu bat eratzeko. Inoiz ez da izango momentu ona. Nik ez dut uste herri bat muga administratibo bat denik. Herriak, hain zuzen, jendeak eta horien arteko sareak definitzen dituzte. Ilustrazioaren lelo bat etortzen zait burura: sapere aude (ausartu pentsatzera). Ausartu egin behar dugu, has gaitezen pentsatzen, biltzen, antolatzen. Ze herri nahi dugun esaten, zeintzuk diren landu nahi ditugun edukiak, has gaitezen lanean. Mugetatik haratago joan gaitezke eta erakuts dezakegu nazio bat ez dela estatu bat, kartzela bat eta armada bat. Herri bat ez da muga administratibo bat, herri bat hori baino askoz gehiago da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.